Sasitzan galdu da konponbidea Gasteizen

Lorezainek bi hilabete daramatzate greba mugagabean, eta belardiak jori daude. Dena dela, gaur hasi da aire libreko bainu sasoia, eta asteburuan lore azoka egingo dute. Arazoak luze joko duela dirudi.

Pardo parkean emakume bat paseoan, gaur goizean. Bidearen bazterretan, belarrak hazi-hazi eginda. BERRIA
Pardo parkean emakume bat paseoan, gaur goizean. Bidearen bazterretan, belarrak hazi-hazi eginda. BERRIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko maiatzaren 23a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldiko lehen bainua hartu nahi, eta ezin toalla lasai zabaldu. Ez tokirik ez dagoelako, igerilekuko belarrak hazita daudelako baizik. Etzanda, ezkutatu ere egin daiteke bat. Hilabeteak dira azkenekoz belarra mozteko makina pasatu zutenetik, Gasteizko Udalaren azpikontrata den Enviserreko lorezainak greban baitaude.

Astelehenean bi hilabete egingo dituzte greba mugagabean. «Lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena eskatzen dute langileek. Enviserreko arduradunek diote egungo lan baldintzek Gasteizko Udalak ezarritako gutxiengoak betetzen dituela, eta udalak dio ezin duela enpresa pribatu baten lan baldintzetan eragin.

«Akordioa lortzeko oztopo nagusia soldaten arloan dago; azken bileran, joan den ostiralean, hilean 43 euro gordineko igoera barregarria eskaini ziguten», azaldu du Bittor Gonzalez LAB sindikatuko ordezkariak langile guztien izenean. Estatuko hitzarmena dute Enviserreko langileek, eta langile gehienen soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak dira, eurek emandako datuen arabera.

Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Espazio Publikoaren arduradun politikoak aste honetan adierazi du konponbiderako aukera bat zera izan daitekeela, udalaren eta Enviserren arteko kontratua etetea eta beste deialdi bat egitea, lan baldintza hobeak izango dituena. Baina gaur bertan Maider Etxebarria alkateak baztertu egin du aukera hori: «Azken aukera da». Langileek ere zuhurtziaz hartu dute berria: «Hitzak alde batera utzi eta ekintzari ekiteko garaia da. Orain arte, hitz politak besterik ez dituzte izan. Egin ditzatela benetan bitartekaritza lanak».

«Lehendakariaren lorategiak erakusten dituzte hiriko parke eta eta lorategiek benetako lotsa ematen dutelako» 

BITTOR GONZALEZ Greban dagoen lorezaina

Bitartean, belardiak hazi egin dira. Araceli Ruiz Prado parke inguruan bizi da, eta, egunerokoan lorategiak erabiltzen ez dituen arren, egoerak «pena» ematen diola esan du: «Itxura baldarra ematen du. Nabari da ez dagoela behar bezala zainduta». Langileei elkartasuna adierazi die. Mikel Uralde, berriz, Ilun txakurrarekin atera da parkera. Aitortu du ez zela joan hilaren 16an txakur jabeek egindako elkarretaratzera, baina ulertzen duela zergatik egin zuten: egoera «deserosoa» dela kontatu du, eta zomorroak ere «asko» ugaritu direla.

Lorezainak greban dituen hirian, egunotako bi bitxikeria. Alde batetik, gaur hasiko da City of flowers  —Loreen hiria— jaialdia. Asteburuan, lorezaintzari lotutako azokak, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak eta bisita gidatuak izango dira. Bestetik, Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatu zuteneko 45. urteurreneko ospakizunak direla-eta, normalean itxita egoten diren Ajuriaeneko lorategiak bisitatzeko aukera egongo da. «Lehendakariaren lorategiak erakusten dituzte hiriko parke eta eta lorategiek benetako lotsa ematen dutelako», atsekabetu da Gonzalez. Ajuriaeneko lorategiak beste lorezain batzuek zaintzen dituzte. Green Capital sariari ere egin dio erreferentzia sindikalistak, Gasteizko lorategiak eta belardiak inoiz baino berdeago dauden egunotan. «Gaur egun, gutxi harrotu gaitezke horretaz», esan du. «Green Capitalik gabe geratuko zarete», egin dute oihu atzean zituen lankideek.

Enviserreko lorazainak, Mendizorrotzako igerilekuetako sarreran egindako protestan, gaur goizean. BERRIA

Enviserreko lorezainak, Mendizorrotzako igerilekuetako sarreran egindako protestan, gaur goizean. BERRIA

«Luze doa, baina indartsu gaude. Ia lantalde guztiak babesten du oraindik greba deialdia», zehaztu du Gonzalezek. Gaur goizean Mendizorrotzako igerilekuetako atarian mobilizatu dira, aire libreko igerilekuen denboraldia hastearekin batera. 50 bat lagun elkartu dira, Enviser lorezainak hitzarmen propio bat lortzeko borrokan. Hemen lan egin, hemen erabaki leloa zuen pankarta baten atzean. Ordu laurden inguru egin dute, erabiltzaileen joan-etorria erabat oztopatu gabe. Halere, behin protesta bukatutakoan eta materiala jasotzen ari zirela, Ertzaintzaren bi patruila hurbildu dira, eta bota egin dituzte.

Manifestazioa astelehenean

Borrokan jarraituko duela iragarri dute. «Presio egitea besterik ez zaigu gelditzen. Herritarren eta lantaldearen mobilizazioek soilik lortuko dute egoeraren arduradunek, Enviserrek eta Gasteizko Udalak, irtenbidea ematea». Hurrengo mobilizazioa astelehenean egingo dute, greba mugagabeari ekin ziotela bi hilabete beteko diren egunean. Manifestazioan abiatuko dira Plaza Berritik, 18:30ean, eta hiriko erdigunea zeharkatuko dute. Hirurogei eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso dute; tartean daude, besteak beste, sindikatuak, Gasteizko auzoetako bizilagun elkarteak, Arabako enpresa handienetako enpresa batzordeak eta baita beste hiri batzuetako lorezainen batzordeak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.