Euriaren ondorioz beste urteetan baino jende gutxiago izan zen atzo Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festan, antolatzaileek beraiek aitortu dutenez. Eta gaur zer eta egundoko eguzkia... "Amorru pixka bat" hartu dute gaur jaiki eta eguraldia ikustean, Hur Gorostiaga Seaska ikastolen elkarteko zuzendariak esan duenez. Espero baino diru gutxiago bildu zuten atzo.
Itsasun eta Lekornen irekiko dituzten bi ikastolentzako dirua lortzea zuten atzo helburu. Seaskak gaur ere gogorarazi du euskaltzaleen borondatean eta diru ekarpenean oinarritu behar dela ikastolen xedea garatzeko, "funtsezkoa" dela deritzo.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako urteroko diru laguntza oraindik ez dutela jaso dio Gorostiagak. Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak gaur bertan azaldu du emango dietela laguntza, "beste urteetan bezala".
Dirua biltzen urte osoan jardungo dutela adierazi du Seaskak, eta eskertuko dutela Euskal Herrian Seaskaren alde egindako ekimen oro.
27. Herri Urrats egin zuten atzo Senperen, Euskara mihian, irria begian lelopean. Eguraldia ona ez izan arren, milaka lagun bildu ziren.
ikastolak