Seaskak auzitegietara joko du Frantziako Estatuak inklusio baliabideak berma ditzan

Aste bat barne Frantziako Hezkuntza Ministerioak erantzun baikorrik eman ezean, laguntzarik jaso ez duten haur elbarrituen familiek prozedura abiatuko dute administrazio auzitegian. 25 ikasle daude laguntzarik gabe.

Seaskako ikastola bateko ikasgela, ikasturte sartze honetan. PATXI BELTZAIZ
Seaskako ikastola bateko ikasgela, ikasturte sartze honetan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko irailaren 17a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Haurrak errespetatu behar dira, familiak errespetatu behar dira, eta lan baldintzak errespetatu behar dira». Haserre mintzatu da Gisele Etxeberri Seaskako Integrazio Batzordeko kidea, ikasturte hasiera honetan Frantziako Hezkuntza Ministerioak beste behin ez dituelako inklusiorako behar besteko baliabideak eman. Elbarritasuna aitortua zaien ikastoletako 25 haurrek ez dute dagokien laguntzarik jaso; barne antolaketa «arriskuan» dela erran du Seaskak. Aste bat barne hezkuntza administrazioaren erantzun baikorrik jaso ezean, administrazio auzitegira joko dute kaltetutako familiek. 

Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkarien ahotan, «lehentasuna» dira inklusio politikak, baina «diskurtsoaren eta errealitatearen» artean dagoen aldea salatu du Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak. «Gibelera goaz», adierazi du. 

Datuek erakusten duten errealitatea bestelakoa baita. Seaskako 159 ikasleri aitortua diete elbarritasuna. MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak ematen du horretarako jakinarazpena, eta AESH laguntzaile bat jartzen zaio haurrari; beharren arabera, mutualizatua ala indibidualizatua izan daiteke. Berez, jakinarazpenen araberako baliabideak eman beharko lituzke Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Baina 2023-2024ko ikasturtetik Seaskan ez dute baliabide berririk eskuratu. Ikasturte honetan lau laguntzaile hartuko ditu bere gain ikastolen elkarteak. 

Horrez gain, murrizketak ere badira. Dimititzen duten edo erretretara doazen laguntzaile berezituak ez dira ordezkatuak, eta Hezkuntza Ministerioak ez du ordezkaririk ordaintzen lan geldialdietarako edo amatasun baimenetarako. Uda honetan sei laguntzaile berezituk haien lanpostua uztea erabaki dute; Hezkuntza Ministerioak ez ditu postuak berritu, eta Seaskak ezin ditu bere gain hartu. «Aurtengo ikasturtea 29 laguntzaile bereziturekin antolatu beharko dugu, eta ondorioz elbarritasuna aitortua duten 25 ikasle laguntzarik gabe dira», salatu du Etxeberrik. 

Egoera horren aitzinean hautsi-mautsiak egitera behartuak dira. Haur guziak eskolatuak izan daitezen ikastoletako talde pedagogikoek «sekulako lana» egiten dutela erran du Joana Goienete AESH laguntzaileen koordinatzaileak. «Bakar bat ere ez da bere etxean».

Inklusioa, «suntsiketaren bidean»

Laguntzaile berezituen lan baldintza «prekarioak» gaitzetsi ditu Integrazio Batzordeak. Hiru urteko kontratu mugatuak izan ohi dituzte, %60ko edo %80ko lanaldian; araberan, 942 eta 1.132 euro artean irabaz dezakete. «Lan baldintza horiek ez dute egonkortasunik segurtatzen lanpostu horietan», Etxeberriren hitzetan. «Dimisioak eta geldialdiak eguneroko errealitatea dira».

Etxeberrik galdetu du ea zein ote den Frantziako Hezkuntza Ministerioaren helburua: «Laguntzaile berezituen lanbidearen suntsiketa? Beharretan diren ikasleen baztertzea?». Gaur-gaurkoz, behin eta berriz dei egin badiete ere, ez dute hezkuntza administrazioko ordezkarien erantzunik jaso. 

Horregatik, bi prozedura abiatu dituzte. Batetik, Frantziako arartekoarengana jo dute, eta haren erantzunaren beha dira. Bestetik, Hezkuntza Ministerioari laguntza jasotzeke dagoen ikasle bakoitzari dagokion errekerimendua bidaliko diote gutun bidez, MDPHk emandako jakinarazpenak berehala bete ditzala eta AESH laguntzaileak esleitu ditzala eskatzeko. Aste bat barne erantzunik jaso ezean, familiek helegitea jarriko dute administrazio auzitegian.

Haurrak zailtasunetan

Elbarritasuna onartua zaien haurren artean, egoera biziki desberdinak izan daitezkeela esplikatu du Etxeberrik: «Badira elbarritasun egoera astun batzuk, autismo egoerak eta abar. Haur batzuek heldu bat haiekin behar dute absolutuki, gertatzen ahal delako klase denboran zapartatzea». Horrek ikasgelan arazoak sor ditzakeela erran du. «Heldua haur bakarraz okupatzen bada, zer gertatzen da beste haur guziekin? Zer tentsio giro sortzen da?». 

Haurrak eta irakasleak «ahal bezain goxoki» egotea izan beharko litzateke eguneroko normala, Etxeberriren hitzetan. «Baina tentsioak sortzen dira, eta arrangurak familientzat». Oro har, zortzi eta 11 hilabete artean irauten dute haurraren eskubideak ofizialki aitortuak izateko urrats administratiboek. «Lortzen duzu dokumentu bat, baina azkenean ez da nehor zure haurra laguntzeko. Alta, Frantziako Estatuak eskubide horiek eman dizkio zure haurrari. Baina beste alde batetik kentzen ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.