«Zer ez duzue ulertzen? Guk euskaraz ikasi eta bizi nahi dugu!», egin dute aldarri Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Baionako suprefeturaren aitzinean. Aurten ere baxoko azterketak frantsesez pasatu beharko dituztela iragarri du berriki Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Beste behin, beste belaunaldi bat, ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ondotik azterketak euskaraz pasatzea errefusatzen diotena. «Horrek ez ditu gure eskubideak errespetatzen», erran dute haserre.
Urtarril hasieran egin zuten bilkura Parisen EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroarekin. Hartu-eman «baikorra» izan zutela adierazi zuten bileraren bukaeran, baina azterketen gaian «esku hutsik» atera zirela salatu zuen Seaskak. 1.500 herritarrek erantzun diote larunbat honetarako egina zuten mobilizaziorako deiari.
Euskalgintzako eragileetako ordezkariez gain, hainbat hautetsik parte hartu dute, hala nola Alain Iriart Hiriburuko auzapezak (Lapurdi), Filipe Aramendi Urruñakoak (Lapurdi), Roland Hirigoien Mugerrekoak (Lapurdi) eta Peio Dufau EH Baiko diputatuak. Baionako karrikak zeharkatu ondotik, suprefetura aitzinera iritsi dira, «Azterketak euskaraz!» eta «Hemen gaude, euskararen alde!» oihuen artean. Hara iritsita, hainbat ikaslek afixak ezarri dituzte Frantziako Estatuko ordezkaritzaren hesi gainean, bizi duten egoera salatzeko.
«Kexu, zinez kexu»
Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak hartu du hitza, eta adierazi du «kexu» direla, «zinez kexu». «Beste behin gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da. Gure haurrei Paristik adierazten zaie euskarak ez duela baliorik, euskara azpi-hizkuntza dela frantsesaren ondoan».
2020. urtea arte, Historia-Geografia eta Matematika euskaraz pasa zitzaketen ikasleek baxoko azterketan. Baina orduan egin zuten erreformaren ondorioz, kasik ikasle guziek frantses hutsean jardun behar dute. «Non da hor logika? Non da pedagogia?». Parisen izan zuten bilkuran, Hezkuntza ministroak aitortu zuen erreformak hizkuntza gutxituei kalte egin ziela, eta gogoeta aldi bat iragarri zuen ikusteko 2027tik goiti euskarak baxoan zer leku izan lezakeen. Hau da, 2028ko baxorako letorke aldaketa. Seaskari ez zaio onargarria, ezta fidagarria ere: «Zein ministrok segurta dezake, bihar, etzi edo 2027an hor segituko duela?».
Izan ministeriotik edo errektoretzatik «ele ederrak» iristen badira ere, praktikan kontrako keinuak ikusten ditu Seaskak. 2024ko baxoan ahozko handia euskaraz pasatu ahal izan zuten hainbat ikaslek irakasle euskaldunen desobedientziari esker; iazko ekainean, irakasle euskaldunak ez zituzten zuzenketetara deitu, eta euskaraz aritzeko aukera kendu zieten ikasleei. «Ez da arazo teknikorik, ez da sos beharrik, borondate ona baizik ez da behar», baieztatu du Etxartek.
Euskararen kontra
Eta Pirinio Atlantikoetako prefetari mintzatu zaio: «Euskararen kontrako politika ororen aitzinean xutituko gara. Euskarari ahalak mugatzea, azterketak frantsesez inposatzea, euskal kulturaren aldeko baliabideak murriztea, euskarazko hedabideei diru laguntzak apaltzea, epaitegietan euskara debekatzea, hori guztia politika linguizida da. Eta politika bat linguizida dela erratea ez da Errepublikaren kontra mintzatzea, gure mintzairari kalte egiten dioten neurriak salatzea baizik».
Seaskako ordezkariek elkarrizketaren alde egin dute, eta eskatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioan errezibitu ditzatela, «sor daitezkeen aldaketak ez daitezen beti bezala hizkuntza gutxituen bizkar izan». Eta abisua ere eman dute: lehen mobilizazioa izan da. Euskaltzaleei dei egin diete «prest» egon daitezen, eta antola daitezen, aurten azterketak euskaraz ere izatea erdiesteko.