Seaskak dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko du Donapaleuko lizeoa eraikitzeko

Ipar Euskal Herriko ikastolen kontseilua egin dute, eta lizeo berriaren planoak aurkeztu. Izena hautatzeko kanpaina parte hartzailea ere eginen dute.

Ipar Euskal Herriko ikastolen kontseilua, Donapaleun. SEASKA
Ipar Euskal Herriko ikastolen kontseilua, Donapaleun. SEASKA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko abenduaren 20a
16:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Seaskak Ipar Euskal Herrian izanen duen bigarren lizeoa eraikitzeko proiektua zehazten ari da pixkanaka. Gauche arkitekto etxeko Maider Galant eta Xabi Jorajuriak larunbat honetan aurkeztu dituzte Donapaleun (Nafarroa Beherea) eginen duten eraikinaren planoak, eta jakinarazi dute eraikitze baimena ere prest dutela. Urtea bukatu gabe aurkeztuko dute, eta helburua da primaderan enpresen hautaketa egitea. Hala, 2026ko uda aitzin abiatu nahi dituzte lanak, eta 2027ko irailean bururatu. Ordurako ikasleei harrera egiteko prest izatea da xedea. 

Larunbat honetan iragan da Ipar Euskal Herriko ikastolen kontseilua, Donapaleuko Saint Louis aretoan. Seaskako ikastolen biltzar nagusia da, funtsean. Elkarteko 39 ikastoletako 140 ordezkari bildu dira, eta 2024-2025eko ikasturteko txosten morala eta aitzinkontuak onartu dituzte, «gehiengo handiz».

Seaskaren lizeo berriaren planoak. SEASKA
Seaskaren lizeo berriaren planoak. SEASKA

Seaskak iragarri du aurki kanpaina bat abiatuko dutela lizeo berria ordaintzeko. Amikuze aldean hasiko dira, eta, gero, Euskal Herri osora zabalduko dute. Horrez gain, proposatuko dute lizeo berriaren izena prozesu parte hartzaile baten bidez hautatzea. Urtarrilaren 31 arte, nahi duen orok egiten ahalko du izendatzeko proposamena, donapaleu-lizeoa.eus webgunean, eta plataforma bera erabiliko dute diru emaitzak egiteko ere. Izen proposamen bakoitzari argudioak gehitzea galdegin dute.

Horrez gain, Seaskak jakinarazi du lizeo berria irekitzearekin batera Baionako Bernat Etxepare lizeoa garatuko dela lanbide heziketaren arloan. Gaur egun, salmenta eta animazio sailak eskaintzen dituzte lizeo profesionalean. Heldu den irailean, pertsonen zaintzako saila ere irekiko dute, biltzar nagusian adierazi dutenez. «Bigarren lizeoa irekirik eta sail profesionala garatuz, Seaskak eskaintza zabaldu nahi du, ahal bezainbat ikasle euskalduntzeko xedearekin», esplikatu dute agiri batean.

Bestalde, dei egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an euskaltzaletasunaren «pizkundea» sustatze aldera Bilbon egingo duen ekitaldira joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.