Hezkuntza

Seaskak harremanak hautsi ditu Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin

Datorren ikasturtean, ikastola, lizeo eta kolegioetan, aurten baino 230 ikasle gehiago izango dituzten arren, Hezkuntza Ministerioak ez die irakasle berririk gehituko. Hori salatzeko mobilizazioa deitu dute maiatzaren 4ko arratsalderako.

jarraia150364.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 2a
07:07
Entzun

Sarako (Lapurdi) Euskal Idazleen Biltzarrean egindako agerraldian ikastolak "alerta gorrian" daudela ohartarazi du Paxkal Indo Seaskako presidenteak. Azaldu du abenduan eta urtarrilean izandako bileretan Errektoradutzak —Hezkuntza Ministerioaren egitura, eskualdean—  bigarren mailarako irakasle postu berriak bere gain hartuko zituela esan ziela.

Lehen mailetarako, berriz, 4,5 postu berri hitzeman zizkien Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskariak. "Martxoko bilkuran, Akademia inspektoreak eta Errektoradutzak heldu den sartzerako guretako zero postu dituztela adierazi digute, bilkura eta negoziaketak bertan behera geldituz".

Indok ohartarazi du egoera horretan hiru ikastolatik bi kaltetuak izanen direla: "Lehen mailetan 29 ikasleko taldeak izanen lirateke, eta lekuka 50 ikasle ere. Lizeoan, 39ko taldeak genituzke, eta, kolegioetan, 36, 38 eta 47ko taldeak ere. Ikastolak Laborantza Ministerioaren menpeko ezarri nahi ote dituzte, hezkuntza ordez hazkuntza intentsiboa egin dezagun?".

Hezkuntza Ministerioaren eta haren ordezkarien jarrera aldaketa lortu arte, mobilizazioak hasiko dituztela iragarri dute: lehen protesta maiatzaren 4ko arratsaldean egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.