Seaskak ikasle pisuak estreinatu ditu Baionan, Hotel des Basques berrituan

Argitxu Haranek egin zien legatua 2010ean. Hamasei bizitegi prestatu dituzte, prezio eskuragarrian. Akitania Berriaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren laguntza eskuratu dute.

Beatrice Molle Haran, Seaskak Baionan egin duen aurkezpenean. NAHIA GARAT
Beatrice Molle Haran, Seaskak Baionan egin duen aurkezpenean. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko abenduaren 16a
16:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira gauza bera irakaskuntza eta bizitegi sozialen kudeaketa. Lehenaz aski daki Seaskak; bigarrenean ez du gaitasun berezirik. Alta, bizitegi proiektua aurkeztu dute astelehen honetan Baionan. Hotel des Basques eraikinean 18 metro koadroko hamasei estudio daude, ikasle eta sasoilarientzat, prezio eskuragarrian eskainiak. 2023an ireki zuten gunea, Baionako unibertsitatearen parean; ordutik denak okupatuak dira. «Merkatuko prezioa baino aise alokairu apalagoa eskaintzen dugu hemen», baieztatu du Benoitz Caussadek, Soliha bizitegi sozialak kudeatzen dituen elkarteko zuzendariak. 

Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak proiektuak azken hamabost urteetan izan duen bilakaera esplikatu du hura babestu duten erakunde publikoetako ordezkarien aitzinean. Argitxu Haranek 2010ean egin zien dohaintza notario aitzinean, euskal kultura eta gazteriaren inguruko proiektu bat presta zezaten; hiru urte geroago zendu zen. Garai hartan, hotela oraindik irekia zen, baina eraikina biziki egoera txarrean zen. «Segurtasun arrazoiengatik itxi behar izan genuen, eta ostalerrari kalte ordainak eman behar izan genizkion», oroitu du Etxartek. 

Higiezin agentzien eta funts espekulatzaileen proposamen andana izan zituzten eraikuntza haren harira, baina «emandako hitza» atxikitzea erabaki zuten. Erakunde publikoetako teknikarien aholkuei jarraiki, ikasleentzako egoitza sozial bat sortzeko ideia nagusitu zen. 1,5 milioi euroko obra egin dute eraikina egokitzeko, horietarik 900.000 euro Akitania Berria eskualdeak eta Euskal Hirigune Elkargoak hartu dituzte bere gain, eta Baionako Herriko Etxeak ere eman du laguntza. Gainerakoa ordaintzeko mailegua eskatu du Seaskak; hori ordaintzeko erabiliko dute alokairuetatik eskuratu dirua ondoko hogei urteetan. Bizitegien kudeaketa Soliha egituraren esku utzi dute. 

Baptiste Rioux ikaslea bizi da bizitegietako batean. 19 urteko mutila informatika arloko ikasketak egiten ari da. «Biziki kontent» agertu da eskaini dioten bizitegiarekin, nahiz eta udarako lekua hustu behar duen. «Badut asmoa sasoilari kontratu bat lortzeko, gisa horretara ez baitut mugitu beharrik izanen», esplikatu du. 399 euro ordaintzen ditu hilabetero, gastu guziak barne. 

Plaza bat euskararentzat

Betarice Molle Haran «biziki harro» agertu da haren koinata zenak eraikina Seaskaren esku utzi izanagatik. Familiaren izenean ikastolen elkarteak egiten duen lana laudatu du. «Baionan horrelako erakusleiho bat eman nahi zion Argitxuk Seaskari», esplikatu du. 

Bizitegiak erabiltzeko euskararen irizpiderik ezin izan dute jarri, baina Etxartek erran du euskararen aldeko parioa egin dutela hala ere, bizitegien azpiko gunea ON bilgunearen esku utzi baitute. Bertan kokatuak dira, besteak beste, Taupa, Plazara, UEU, Euskal Hedabideak, Bada, Elkar, Biga Bai eta Euskal Konfederazioaren bulegoak. «Euskalgintzaren Ipar Euskal Herriko bihotza bilakatu da», Etxarten hitzetan. «Euskalgintzaren beharrei egokitutako lan eremua, euskararen munduetara sartzeko ate bat, karrikari irekia eta eragileen artean lankidetza, mutualizazioa, esperimentazioa eta sorkuntza bultzatzeko gunea».

Hizkuntza politika ere aipagai izan dute prentsaurrekoan, EEPk joan den astean adostu zuen aurrekontuaren harira. Euskal Elkargoak eramandako borroka azpimarratu dute Seaskako kideek, eta deitoratu dute Frantziako Estatua, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Akitania Berria eskualdea ez mugitu izana «euskarak behar duen heinera». Etxartek erran du XXI. mendean jokoan egonen dela euskararen etorkizuna, eta lehen laurdena gainditua dugula. «Lehen jokaldia galdu dugu estatuaren parean, baina segur izan partida ez dela oraino bukatua, eta bere hizkuntza bizirik nahi duen herria mobilizatzen jakinen dugula, elkarrekin, oztopoak ezartzen dizkigutenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.