Ipar Euskal Herriko parlamentariek eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek bilera bat egin dute gaur Parisen Hezkuntza ministro Edouard Geffrayrekin. Bilera horretan gertatutakoaren harira, prentsa ohar bat atera du Ipar Euskal Herriko ikastolen sareak, eta salatu du «esku hutsik» atera dela euskal Euskal Herriko ordezkaritza bilera horretatik. Salatu duenez, baxoa euskaraz egiteko eskarian aurrerabideak egin beharrean, «gibelerat» egin da, Matematikako azterketa ere frantsesez egin beharko baitute ikasleek. Eta aurreratu du urtarrilaren 24an mobilizazio bat egiteko asmoa dutela. Borroka eta mobilizazio ziklo baten hastapena izango da.
Aspaldiko aldarria da Seaskan ikasleek baxoa euskaraz egiteko aukera izatea, eta gaurko bilerara begira aurrerabideren bat espero zutela adierazi dute Seaskako arduradunek prentsa oharrean, eta kontatu dute esperantza izateko zer argudio zituzten. «Heldu den ekainean, Matematikako azterketa gehituko da Baxoan. 2021eko erreforma aitzin Matematikak euskaraz ziren, eta, Bordaleko Huart errektorearen [Jean-Marc Huart Bordeleko errektorea] adierazpen baikorrak entzunik, Euskal Herriko delegazioak Frantziako Gobernuari aho batez baxoa euskaraz izan dadin galdegin zuen. Ministroak berak izenpetutako zirkularrak azterketak euskaraz egiteko aukera eskaintzen duenez, pentsatzekoa zen euskaraz egiteko parada izanen zela. Baina ez da hala izan». Hortik arrangura: «Hitzez aitzinatuko ginela erran ziguten, baina ekintzetan gibelka ari dira».
Ez daude onartzeko prest. «Argi eta garbi adierazi nahi dugu inposizio berri honi ezetz erranen diogula». Eta urtarrilaren 24an egingo duten protestan parte hartzeko deia egin dute: «Euskaltzale, familia eta hautetsiei galdegiten diegu data hau agendan atxiki dezaten».
EEPren oharra
EEPk ere oharra atera du bileraren berri emateko. Goraipatu egin du ministroa, harekin izan duten hizketaldian euskararen egungo erronken «ezagutza fina» erakutsi duelako. EEPren arabera, «hiztun osoen sortzeko» helburuarekin bat eginda, euskarazko irakaskuntza eskaintza garatzeko «irakaskuntza ibilbide logika bat segurtatzeko beharraren» ikuspuntuarekin bat egiten du Geffrayk. Era berean, azaldu du «engaiamendua» hartu duela irakasleen prestakuntzan «ibilbide bat» irekitzeko, frantsesez eta euskaraz irakasteko «gaitasun osoa» izan dezaten.
Baxoa euskaraz egiteko aukeraren inguruan «esparru berezi bat» definitzeko urratsak hasi dituela esan dute, eta «lan egutegi bat» adostu dutela horretarako ministroarekin, 2027ko azterketa aldira begira.