Azkenean gibelean gelditu da beldurra, asteazken arratsalde honetan jakin denez, ikasle guztiek brebeta gainditu dutelako zientzian “nota biziki apalak” ukan arren, Seaskak azaldu duenaz. 179 ikaslek pasa dute aurten azterketa Ziburuko Piarres Larzabal, Kanboko Xalbador eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetatik.
Zientzietan nota biziki apala izanik ere euskaraz egiteagatik, gure ikasleen %100k lortu du Brebeta !
— seaska.ikastolak (@seaskaikastola) 2018(e)ko uztailaren 10(a)
Malgré des notes très basses en sciences (rédigées en basque) %100 de nos élèves ont eu le Brevet ! @jmblanquer
“Zientziako azterketa ez zuzentzeagatik arriskuan ezarriko balute ikasle bat, erraten dugu hori ez dugula inondik inora onartuko”. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak hitz horiekin agertu zuen bere arrangura joan den astean, hezkuntza errektoretzak jakinarazi ondotik brebetaren zientzia proba euskaraz eta bretoieraz erantzun zuten ikasleak ez zirela besteak bezala zuzenduak izanen (soilik zenbakiak zuzendu dizkiete, ez erranaldiak).
Kolegio amaierako proba da brebeta, eta hiru azterketa egiten dituzte: matematika, historia-geografia eta zientzia. Lehen biak euskaraz egin daitezke, hirugarrena ez. Nolanahi ere, halaxe egitea erabaki dute aurten ikastoletako ikaslek. Euskaraz ez zekiten irakasleek zuzendu dizkiete azterketak.