Ipar Euskal Herriko hautetsien etxean babesturik diren Segiko gazteen atxiloketak ikusiz, «eskandalizaturik» agertu dira hautetsiak berak eta Euroaginduaren Aurkako Kolektiboko kideak atzo Baionako Lan Burtsan egin prentsaurrekoan. Hala eta guztiz ere, haien konpromisoa «zintzoa eta osoa» dela erranik euroaginduen «bidegabekeria» salatzen jarraituko dutela argi utzi zuen Anais Funosaz Askatasunako bozeramaile eta kolektiboko kideak.
Astelehenean lau gazte eta atzo prentsaurrekora zihoazela, Jazint eta Xalbador Ramirez atxilotu zituzten. Prentsaurrekoa eta gero Endika Perez zuten hartu. Bi atxiloketan poliziek pistola erakutsi zuten, hautetsiak ere mehatxatuz. Endika Perezi autoa geldiarazi, jo, eta, berina hautsi ondoren, bortizki atera zuten bertatik. Seyssen kartzelatu zituzten Ramirez anaiak, eta Perez Baionako polizia etxera eraman zuten. Ramirez anaiei bihar jakinaraziko diete beren aurkako euroagindua Pauen. Kolektiboak argi du «ezin dela horrelako erantzun bat eman gero eta ozenagoa eta zabalagoa den euroaginduaren aurkako mezuari». Batez ere, Euskal Herriak bake prozesu demokratikoa eskatzen duen garai politiko horretan.
Oroit gara, Benat Lizeaga, Irati Tobar, Endika Perez, Jazint Ramirez, Aitziber Plazaola, Xalbador Ramirez, Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernaz Segiko kideek agerpen publikoa egin zutela Izpuran (Nafarroa Beherea), Espainiaratzeko arriskuaren aurrean, eragileei eta herritarrei babesa eskatuz eta lan politikoa jarraitzeko asmoa berretsiz. Hainbat hautetsik beren etxeetan aterpetzeko hautua plazaratu zuten baita publikoki ere, Kanbon (Lapurdi), larunbatean.
«Ezin onartuzkoa da»
«Ideia politikoengatik atxilotua eta torturatua izatea ezin dugu onartu», dio Battitta Amestoi Uztaritzeko hautetsiak. Espainiaratzeak onartuz Frantziako Estatua Espainiarekin «eskuz esku» ari dela salatzen du. Berdin-berdina zioen Endika Perez gazteak, atxilotua izan baino bi ordu lehenago: «Euskal Herriko gatazkan Frantzia ez da soilik kolaboratzailea; erabat gatazkaren barne da».
Egoeraz «eskandalizatuak» dira hautetsiak. «Nire haurrak balira bezala artatuko nituela erran nien gurasoei, maleruski bi egun baizik ez du iraun». Horra zer adierazi zuen Alice Leizagezahar Akitaniako kontseilariak (Europe Ecologie), euroaginduaren mehatxupean ziren Aitziber Plazaola eta Beñat Lizeaga Segiko kideekin ukan esperientzia laburra zuela gogoan. Haren babesa erakutsiz larunbatean etxeko ateak ireki zizkieten,eta astelehenean atxilotu zituen poliziak gazteak Donibane Garazin.
«Elkartasunezko uholdea» erakutsi nahi diete zortzi gazteei eta orokorki euroaginduaren mehatxupean diren orori, Luxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsiak azaldu duenez. Etxean zuen Oxandabaratzek ere zortzietako bat, «gazteen familiaren sufrimendua pixka bat arintzeko gogoz». Nahiz aste hastapenean gazte hura ere atxilotu, argi du ez dutela etsiko eta «behar orduan beste batzuk hartuko» dituztela ere.
Biltzen ari den elkartasunaren islatzeko giza kate bat eginen dute larunbatean Baionan, 15:00etan. Agertzeko eskatu diete guztiei, «mekanismo errepresiboa guztion artean dugulako oztopatuko». Bestalde, Paueko auzitegian euroaginduak aztertuko diren egunetan auzitegira joateko deia ere egin dute.
Zortzi gazteei eta orokorki euroaginduaren mehatxupean diren herritar guztiei «agur bero bat» emanez bukatu zuten prentsaurrekoa.
Segikoen atxiloketa gogorrak ikusiz, «eskandalizatuak» dira hautetsiak
«Ideia politikoengatik» Espainiaratua izatea ezin dutelako onartu haien etxeen ateak irekitzen jarraituko dutela adierazi dutePrentsaurrekora zihoazela Ramirez anaiak atxilotu zituzten, Endika Perez ondotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu