Segurtasun Sailak kritikatu egin du ertzain bati jarritako zigorra

Mendizabal senataria jotzeagatik zigortu dute. Zubiaga sailburuordeak uste du «neurriz kanpokoa» dela bi urteko espetxe zigorra

gotzon hermosilla
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Joan den astean jakinarazi zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta bi urtean Ertzaintzaren brigada mugikorrean aritzeko debekua ezarri dizkiola ertzain bati, 2013ko irailaren 30ean Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria borraz buruan jotzeagatik. Epaia ez da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako zenbait sindikaturen gustukoa izan, eta, esaterako, Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak esan du «neurriz kanpokoa» begitantzen zaiola zigorra, eta «beharbada» auzitegiak kontuan hartu duela erasoaren biktima senataria izatea.

Epaimahaiaren arabera, ertzainaren jokabidea «justifikaezina» eta «zuzenbidearen kontrakoa» izan zen. Ez du berdin pentsatzen Zubiagak, eta uste du «gertatutakoaren eta ondorioen arteko harremana» kontuan hartuta zigorra «apur bat neurriz kanpokoa» dela. Ertzainak ez du kartzelara joan beharko, baina bi urtez inhabilitatzen duen zigorra bete beharko du.

Epai «injustua»

Erne ertzainen sindikatu nagusia ere epaiaren kontra agertu da, «injustua» iruditzen zaiolako. Haren ustez, fiskalek eta epaileek «aukerarik txikiena» baliatzen dute «ertzainen kontra jotzeko», eta orain jakinarazi den epaiak «segurtasun publikoko arazo bat» sor dezakeela uste dute.

Zubiagak bezala, Ernek ere pentsatzen du salaketa jarri duena erasoa pairatu zuen momentuan senatari izateak eragina izan duela epaian. Gainera, sindikatuak uste du ez dagoela frogatuta Mendizabalek buruan zeukan bost zentimetroko zauria borra kolpe batek eragindakoa dela.

Erneren arabera, epaia «neurriz kanpokoa» izateaz gain, «mezu larri eta kezkagarria» bidaltzen die ertzainei, «ematen duelako ertzainentzat arriskutsuagoa dela jardutea, jardute horrekin saihetsi nahi den kaltea baino».

Erne prest azaldu da «herritarren segurtasunaren alde egiten» jarraitzeko, baina pentsatzen du horrelako «akusazio eta epaiek» zaildu egiten dutela ertzainek euren lana «gutxieneko segurtasun juridikoarekin» egin ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.