Donostiako alkatea

Jon Insausti: «Segurtasunari lotutako kezka kalean dago, hiritarren elkarrizketa txikietan»

Ia lau hilabete joan dira Insausti Donostiako alkate izendatu zutenetik. Ordutik, hirian bere burua aurkezteko ekitaldien lasterketa batean da. Delitugileen jatorriaren berri emateko erabakia mugarri izan daiteke haren agintaldian.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
xabier martin
Donostia
2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jon Insausti Maiesterrena (Donostia, 1989) eroso dago alkatearen bulegoan. Manera onak ditu, erantzun azkarrak, kudeatzen dituen edukien inguruko lezioa ondo ikasia duenarenak. Ez dio izkin egin atxilotuen jatorria jakinaraztearen auziari.

Donostia da atxilotuen jatorria jakinaraziko duen euskal hiriburu bakarra. Segurtasun arazoak beste inon baino handiagoak dira?

Donostiak segurua izan nahi du aurrerantzean ere, eta, horretarako, ezinbestekoa da neurri berriak hartzea. Segurtasunaren kudeaketa zabala da, ez da delitugileen datuak ematea bakarrik. Prebentziotik hasten da, eta seguruenik, zigorraren kudeaketan amaitu, hala tokatzen bada. Erabaki hori hartu dugu euskal Poliziaren ereduan sakontzen jarraitzen dugulako. Eusko Jaurlaritzari dagokio herri honen segurtasun politikak diseinatzea, eta Donostiako Udalak eredu horretan sinesten du.

Bilbokoak ez, itxura batean.

Donostiakoak bai, eta guk eredu horri jarraituko diogu; finean, gardentasunak ez dio inoiz kalterik egin herrigintzari. Gure errealitatea zein den jakin behar dugu, eta naturaltasunez onartu, aurrez aurre dugun horri erantzun bat emateko. Horixe eskatzen dute herritarrek.

Eskuin muturraren aspaldiko eskaera bati baiezkoa emanda, posible al da migranteak eta segurtasuna nahasten dituen ildoari aurre egitea?

Eskuin muturrari edo indar autoritarioei aurre egiteko moduak ezin dira erretorika hutsa izan: erabakiak eta ekintza zehatzak behar dira. Eta sinetsita nago: donostiarron kultura politikoa sendoa da, eta adinez nagusiak gara. Hemen badakigu gauza bat eta bestea bereizten. Indar autoritario horiek gurera ez etortzeko modua, hain justu, erabaki sendoak eta zehatzak hartzea da. Indar autoritarioen aurrean, nik Donostia eta gure balio demokratikoak defendatuko ditut beti. Delitugileen jatorriaren inguruan ari gara, eta ikusiko dugu zein den benetako argazkia. Ni benetan kezkatzen nauena zera da: datuen berri izan baino lehen askok ondorioak atera izana jada.

EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Ahal Dugu, ordea, aurka daude. Nekez izango da donostiar gehienen eskaera, ezta?

Ez ditugu nahastu behar indar politikoen banaketa eta kalean dauden kezkak. Gauza bat da hauteskunde batzuetan zer indar politikori ematen zaion botoa eta bestea kalean zer kezka zabaltzen diren. Inkesta soziologikoetan, segurtasunaren inguruko kezka asko hazi da, eta bizilagun elkarteekin eta herritarrekin egindako bileretan horixe da mahai gainean jarri dizkidaten kezka nagusietako bat. Kalean izaten diren elkarrizketa txiki horietan ere entzun daiteke. Erantzunak eman behar ditugu, eta jatorriaren inguruko informazioa ematea ez da bakarra. Begirada zabala behar dugu: Donostia izan da SIRAJ sisteman sartu den lehen udalerria; onuragarria da Ertzaintza eta Udaltzaingoaren komisaria bateratuak edukitzea eta patruila bateratuak egitea. Eztabaida hau ezin da mugatu delitugileen inguruko informazio jakin horretara.

«Hirian segurtasuna hobetzearen aldeko eskaera transbertsala da. Ez ditugu nahastu behar indar politikoen banaketa eta kalean dauden kezkak»

Esaten ari zara badirela zure erabakiaren aldekoak beste alderdiei botoa eman dietenen artean?

Esaten ari naiz transbertsala dela hirian segurtasuna hobetzearen aldeko eskaera hori, bai.

Kutxak erabaki du Ayesaren erosketan ez sartzea, eta baliteke egoitza Bilbora lekualdatzea. Zer diozu?

Nahiago nuke Ayesaren egoitza Donostian geratzea, jakina. Baina, zorionez, 15.400 enpresak dute egoitza Donostian. Ez nuke nahiko enpresa bakar batek zalantzan jartzea Donostiak duen egitura ekonomiko sendoa. Hain zuzen, hiri honetan azken urteetan izan diren inbertsio handienak esparru horretakoak izan dira: ordenagailu kuantikoa, Nanoguneko dorre kuantikoa, minbizia sendatzeko protoi terapiarako makina...

Ayesa ez galtzeko ahaleginik ez du egingo Donostiako Udalak?

Alkate honek ahal duen guztia egingo du testuinguru ekonomiko aproposa sortzeko eta enpresak bertan gelditzeko, baita Ayesa ere.

Esteban EBBko buruak eta Pradales lehendakariak GBBri eskatu diote berriro aztertzeko Kutxaren erabakia. Horren aldekoa zara?

Kutxak erabaki beharko du hori. Kutxa erakunde autonomoa da, eta, informazioa aztertu ondoren, erabaki bat hartu dute; haiek dakite zer egin beste inork baino hobeto.

Pasaiako portuak interes orokorrekoa izateari uzten badio hari dagokion transferentzia egin dadin, nondik itsasoratuko da Arcelorreko altzairua? Eneko Anduezak galdetu du.

Pasaiatik bertatik, zalantzarik gabe. Portua euskal erakundeek kudeatzen badute, eraginkortasuna lortuko da. Azken hamarkadetako esperientziak hala erakutsi digu: tokian-tokian kudeatzen dena hobeto kudeatzen da. Goierriko industria jarduera hori, Arcelorrekotik hasita, modu egokian itsasoratuko da Pasaian.

Pradalesekin batera, iragarri duzu laurehun etxebizitza egingo direla Loiolako Erriberan. Argazki horrek haserre galanta eragin du sozialisten artean. Zuk gonbidatu zenuen lehendakaria, edo haren ekimena izan zen?

Aginte makila hartu nuenetik, oso argi izan dut aliantzak berritu behar zirela bai Foru Aldundiarekin eta bai Eusko Jaurlaritzarekin, lehentasunezko gaietan aurrera egiteko, besteak beste etxebizitzan. Hiri honetan dagoen kezka nagusia hori baita. Loiolako Erriberan bagenuen lurzoru bat Jaurlaritzak eskainia etxebizitzak egiteko, eta nik begi onez ikusi nuen eremu horretara bisita egitea, lehendakaria Donostian zegoela aprobetxatuta. Horrek, haserrea baino gehiago, poza sortu beharko luke; poza auzoan, hirian eta erakundeen artean, elkarlana dagoelako.

«Etxebizitzak eraikiko direla iragarri izanak [lehendakariarekin batera] poza eragin beharko luke auzoan, hirian, eta erakundeen artean ere bai»

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari ez dio pozik eragin, eta, gainera, esan du ez direla laurehun etxe izango, berrehun baizik.

Horixe adostu behar da orain Jaurlaritzaren, udalaren eta auzotarren artean, zenbat izango diren zehazki. Alkate hau beti egongo da prest argazkirik onena lortzeko auzoaren alde.

Ez da argi geratu noren ekimena izan zen.

Astero hitz egiten dugu biok, eta esango nuke ekimena bien aldetik etorri zela.

Agenda bizi-bizi batekin ari zara. Prest ikusten duzu zeure burua hurrengo agintaldian ere alkate izateko?

Orain, donostiarren konfiantza lortu behar dut, eta, hori egiteko, jakin behar dut zer pentsatzen duten. Hiri bizi honek dituen ekitaldietan parte hartu behar dut, kirolean, kulturan, memoriaren esparruan, hiri honek duen aniztasun ideologikoa kontuan hartuta. Gero etorriko dira alderdiak hartzen dituen erabakiak.

EAJk, zure alde egin, eta denbora eskaini dizu alkategai sendo bihurtzeko. Eskertzen duzu hori?

Aurreko alkateak hamar urteko zikloa egin zuen, eta eskuzabala izan zen beste belaunaldi bati lekua uztea; hori ez da askotan gertatzen politikan. Eskertua nago belaunaldi berri bati bide eman zaiolako.

Nola desberdindu nahiko zenuke Goiaren gobernatzeko modutik?

Donostian, alkate bakoitzak bere garaia bizi izan du, bere erronkekin. Goiari pandemia bat kudeatzea egokitu zitzaion; haren aurrekoari, krisialdi ekonomiko latz bat; eta haren aurrekoari, terrorismoa kalean. Bakoitzak bere estiloan aurre egin die egoera horiei. Nik beste erronka batzuk ditut: etxebizitza, segurtasuna, enplegua eta eguneroko bizitza.

Aginte makila hartzean, esan zenuen Donostiak donostiarrentzat izan behar duela. Turismoari mugak jartzeaz ari zinen?

Donostiarrok barrurantz begiratu behar dugu; kanpora begiratu dugu urte askoan, ez bakarrik turismoari dagokionez; ez dago gaizki, baina, orain, pentsatu behar dugu barrurantz nola hazi nahi dugun, hiri gisa. Azpiegitura berri garrantzitsuak izango dira aurki, auzo berriak... Ariketa bat egin behar dugu hiriko hainbat korapilo nola askatu asmatzeko. Horri erreparatu nion.

«Nire lehen ekitaldietako bat izan zen Rosa Zarraren plakarena. Hor familia sendo bat ezagutu nuen, batua, eta asko hunkitu ninduen»

Noizbait deseroso egon zara alkatearen jendaurreko proiekzio horretan?

Zer lanetan ez dira izaten momentu deserosoak? Ohera joatean, beti izaten dira kezkak: berdin dio zer ogibide duzun. Aginte makila hartzean adierazi nuen ilusioz hartu nuela, eta ilusioz ari naiz orain ere: energiaz beteta nago, pozik eta umil, hori bai. Etxekoek, familiak eta lagunek, asko zaindu naute; horrek nauka lurrera lorturik, donostiar gisa.

Alkate zarenetik zein izan da unerik onena eta zein gogorrena?

Memoriari lotutako ekitaldietan, sufritu duten pertsonak ikusi eta ukitu egiten dituzu. Rosa Zarraren plaka inauguratzean, familia sendo bat ezagutu nuen, batua, eta asko hunkitu ninduen. Eskertzen dut familia horrekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izatea. Herri hau zabala da, eta Ana Iribarrekin hitz egiteko aukera ere izan nuen gero. Uste dut aberasgarriak izan zirela bi ekitaldi horiek. Momenturik onena, berriz, danborradako bandera igoera izan zen, beharbada. Parte Zaharrean hazi eta hezitakoa naiz: benetan hunkigarria izan zen.

La Cumbre udalaren esku geratzeko beste urrats bat egin da. Epe zehatzei buruz hitz egin daiteke?

Ezin gara sartu aurreikuspen zehatzetan, ez baitakigu Espainiako Gobernuak noiz emango duen azken pausoa. Hala ere, Donostiako Udalak bere esku dagoen guztia egingo du hiriarentzat ona den aldaketa hori ahalik eta lasterren gerta dadin, betiere justizia eta erreparazioa helburu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA