Bilboko Udaltzaingoak sei gizon atxilotu zituen larunbat arratsaldean Zazpikaleetan, beste hiru gizonezko haien borondatearen aurka atxiki eta haietako bati sexu eraso bat egitea leporatuta.
Udaltzaingoaren arabera, erasotzaileek Iturribide kaleko etxebizitza batera joatera gonbidatu zituzten hiru gizon horiek, tusi esaten zaion substantzia kontsumitzeko asmoz. Droga horren eraginpean zeudela, alde egitea erabaki zuten, baina haien borondatearen kontra atxiki zituzten, eta haietako bati ukituak egin eta bortxatu egin zutela azaldu dute. Horrez gain, lapurreta egin zietela salatu dute.
Gertakarien berri izan ostean, udaltzainak etxebizitza horretara joan ziren, eta sei susmagarriak atxilotu zituzten. Ibarrekolandako komisariara eraman zituzten. Ertzaintzaren esku geratu da ikerketa.