Iragan ostiral gauean gertatu zen erasoa, Baionako etxebizitza batean. Gizon batek bere neska lagun ohia kolpatu zuen, eta 26 urteko emakumea Baionako ospitalera eraman zuten larrialdi zerbitzuek, zauriengatik. Ebakuntza bat egin behar izan zioten, hankan. Kolpeez gain, emakumea zintzurra tinkatuz itotzen saiatu zen gizona. Frantziako Poliziak larunbatean atxilotu zuen 35 urteko ustezko erasotzailea, Tarnosen (Landak, Okzitania), biktimak salatu egin baitzuen Baionako ospitalean. Atzo pasatu zen Baionako Auzitegitik gizona, eta, epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion. Sei hilabete bete beharko ditu preso, baldintzapean, eskumuturreko elektronikoarekin. Hala, bere etxebizitzan egon beharko du tarte horretan. Bestalde, biktimarengana hurbiltzeko debekua ezarri diote, eta, kalte ordainak ordaindu beharko dizkio. Azkenik, behartua izanen da arta psikologikoak eta desintoxikazio artak egitera.
Baionako Polizia Etxeak eraman du afera, eta bi egunez atxiloaldian izan zuten erasotzailea. Ikerketaren arabera, emakumeak bost aldiz seinalatua zuen gizona bortizkeria kasuengatik, baina ez zuen salaketarik jarri. Epaitegietako mediku batek, biktima ikertu ondotik, hilabete bateko lanerako aldi baterako ezintasuna ezarri dio.