Lehen hezkuntzako ikasle batek positibo eman du Donostiako Aldapeta Maria ikastetxean, eta haren 24 gelakideak eta haien irakaslea konfinatu dituzte. Zortzi eta bederatzi urte artekoak dira ikasleak. Gurasoek eman zioten Osakidetzari haurraren sintomen berri. Ikastetxean 1.400 ikaslek hasi dute aste honetan ikasturtea, eta datozen egunetan Bigarren Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak dira hastekoak; beste 700, alegia. Ikastetxeko zuzendaritzak kolaborazioa eskatu die ikasleen senideei, «sintomarik txikiena ere» atzemanez gero horren berri emateko eta haurra ikastetxera ez eramateko.
Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi du beste ikasgela batzuetako ikasleak konfinatu dituztela. Tuterako (Nafarroa) Huertas Mayores ikastetxean azaldutako positiboaren ondorioz, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako 23 ikasle bakartu dituzte. Herri bereko Elvira España eskolan, berriz, Haur Hezkuntzako hirugarren mailan agertu da positiboa, eta hogei ume konfinatu dituzte. Zangozako (Nafarroa) Luis Gil ikastetxean, positiboak atzeman dituzte LH1eko gela batean, LH3ko batean eta LH6ko batean. Guztira, 50 ikasle inguru konfinatu dituzte ikastetxe horretan.