Aroztak herri plataformak ohar bidez jakinarazi duenez, sei herritar epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte, ustez Lekarozko (Baztan, Nafarroa) Aroztegiko proiektuaren kontrako desobedientzia ekinaldietan parte hartzeagatik. Udaberrian egin zuten protesta, luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat eraikitzeko proiektua geldiarazteko asmoz.
Mugimenduak «babes osoa» eta «animorik indartsuena» adierazi die epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzten sei herritarrei: «Ez dugu uste onargarria denik errepresioarekin erantzutea horrelako mugimendu baketsuei». Mugimenduak jakinarazi duenez, egoera salatzeko mobilizazioak antolatuko dituzte.
Horrekin batera, taldeak nabarmendu du «jende anitzek» bat egiten duela mugimenduarekin, eta udaberrian emandako erantzuna «Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzi esker» gertatu zela. Gaineratu duenez, gizartea prest dago planto egiteko «garapen eredu kapitalistan zaharkituari».