Sei udal gehiago ditu UEMAk

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira, Orion egindako batzarrean hala onartuta.

UEMA
Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuriko alkateak eta zinegotziak, UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin, gaur, Orion. UEMA
2023ko abenduaren 16a
17:00
Entzun

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo (Gipuzkoa), Mendexa eta Zeanuri (Bizkaia) UEMAko kide dira gaurtik aurrera. Izan ere, batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean, Orion (Gipuzkoa), eta baiezkoa eman dio udal horiek egindako eskaerari. Horrez gain, 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Aipatutako herri horiek gehituta, gaurtik aurrera 107 udalek osatzen dute mankomunitatea, eta guztien artean 342.000 biztanleko «lurgune euskalduna» osatzen dute.

Hain zuzen ere, bukatzen ari den urtearen balantzeari lotuta, mankomunitatearen handitzea nabarmendu dute, hamar udal gehiago baititu. Hurrengo urteko zereginei dagokienez, Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra batzeko plangintza azpimarratu dute, besteak beste.

Gaur UEMAra batu diren udal ordezkariek hitza hartu dute Orion egindako batzarrean eta hedabideen aurrean. Batean zein bestean, lanerako beharra, gogoa eta ilusioa aipatu dituzte. Udalerri euskaldunak izan arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea txikitzeko hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta garatzeko beharra sumatzen dute guztiek, eta, UEMAren esperientzia eta laguntza bidelagun izango dituztelakoan, gustura agertu dira mankomunitatera batu direlako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.