Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du gizon bati ezarritako sei urteko espetxe zigorra, arrebaorde adingabe batez sexualki abusatzeagatik hark 8 urte zituenetik. Aurkeztutako helegitean, akusatua errugabetzeko edo, bestela, epaiketa berriro egiteko eskatua zuen gizonaren abokatuak, baina auzitegiak atzera bota ditu eskaera horiek.
26 urteko gizona amarekin, haren senarrarekin eta bikoteak izandako bi alabekin bizi izan zen, etxebizitzatik alde egin zuen arte. Epaian frogatutzat jo dute gizonak, familiarekin bizi izan zen garaian eta arrebaordea zaintzen zuenean, sexu abusuak egiten zizkiola neskatoari. Adingabearen deklarazioa aintzat hartu dute: «koherentetzat» jo dute, eta ez dute topatu horren sinesgarritasunari buruzko zalantzarik. Gainera, nabarmendu dute deklarazioa bat datorrela biktimak pairatzen dituen kalte psikologikoei buruzko txosten teknikoarekin.
Neskak aldez aurretik egin zuen deklarazioa, eta horren grabazioa osorik jarri zuten epaiketan. Horregatik, defentsak eskatu zuen epaiketa berriro egiteko eta biktimak han egin zezala ostera ere deklarazioa. Aukera hori baztertu du auzitegiak: azaldu duenez, komenigarria da adingabea babestea «berriro deklaratu behar izateak ekarriko liokeen presio emozional eta psikologikotik».