2020ko otsailaren 22an, inauterietako desfile bat egiten ari zirela, Bartzelonako Olzinelles kaleko 105. zenbakidun eraikina okupatu zutela jakinarazi zuten Sants auzoko herri eskolak eta etxebizitza taldeak. Bi egun lehenago sartu ziren bertara, eta alternatibarik ez zuten lau familia hasi ziren bertan bizitzen;Â tartean lau adingabe zeuden. Mossos d'Esquadraren lau furgoneta bertaratu ziren, desfileko kideen aurka oldartu ziren, haietako bi atxilotu zituzten eta eraikina hustu zuten. Gutxi iraun zuen okupazioak, baina ekintza haren aurkako errepresioa gaurdaino heldu da.
Egun hartan atxilotutako bi lagunentzat sei urteko espetxe zigorra eskatu du Bartzelonako Fiskaltzak. Euskal Herrikoa da haietako bat, Arratiako (Bizkaia) herri mugimenduko militantea, eta oraindik ere Bartzelonan jarraitzen du, etxe eskubidearen aldeko mugimenduan. Epaiketa lau bider atzeratu dute jada, eta ekainaren 3rako zitatu ditu berriro Bartzelonako Probintzia Auzitegiak. Desordena larria eragitea eta autoritatearen kontrako atentatua egozten dizkiete.
Bi ekintzaileen epaiketaz gain, beste 70 lagun ingururi 600 euroren isunak jarri dizkiete egun hartako gertakariengatik, mozal legea —Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea— aplikatuta, eta eraikinaren barruan zeuden hamahiru lagunen aurkako auzibide bat ere martxan dago.
«Bi dira epaituko dituztenak, baina han geundenetako edonor egon gintezkeen aulkian eserita. Horregatik diogu mugimendu osoa zapaldu nahi dutela»
PAU MARTINEZÂ Olzinelles Absolucio plataformako kidea
Olzinelles Absolucio plataformako kideek, COSHAC Kataluniako Etxebizitza Sindikatuen Konfederazioarekin batera, agerraldia egin zuten atzo, salatzeko epaiketaren helburua mugimendua bera sistematikoki kriminalizatzea dela eta judizioa behin eta berriz atzeratu izanak ez duela justifikaziorik.
Haien arabera, poliziaren txostenak gezurretan oinarrituta daude. Pau Martinez plataformako kideak BERRIAri azaldu dionez, Poliziaren azpijokoa da: «Ez gaituzte epaituko egin genuenagatik; bi dira epaituko dituztenak, baina han geundenetako edonor egon gintezkeen aulkian eserita. Horregatik diogu mugimendu osoa zapaldu nahi dutela».
Salatu du azken urteetan nabarmen areagotu dela euren aurkako errepresioa: «Katalunian, etxegabetzeak areagotu diren bezala areagotu da errepresioa ere, baina, aldi berean, etxe eskubidearen aldeko antolakuntza hazten ari da. Hori da gure interpretazio politikoa». Prentsaurrekoan, absoluzioa eskatu dute inputatutako bi militanteentzat, eta gogorarazi dute etxe eskubidea defendatzea ez dela delitua.

Oraingoan epaiketa egingo ote den galdetuta, Martinezek aitortu du ez duela ideiarik ere. Hori ez dago euren esku: «Aurreko aldian ere egingo zela zirudien, baina atzeratu egin zuen epaileak». Lehen bi aldietan, lekukoak gaizki zitatu zituztelako geroratu zen, eta, azken bietan, akusatuen defentsarako eskubidea ez zelako behar bezala betetzen. «Akusazioak ez dituzte behar bezala idatzita, ez dago argi nori zer egozten dioten, eta, ondorioz, gure abokatuek ezin gaituzte behar bezala defendatu», azaldu du Martinezek.
Euren helburua errepresioa amaitzea eta borrokan «lasai» jarraitzea dela adierazi du, baina, gertatzen dena gertatzen dela ere, aurrera egiteko prest daudela. «Sei urte daramatzagu kasu hau salatzen, baina bitarte horretan ez diogu lan egiteari utzi; sindikatuak sortzen eta hedatzen aritu gara», azpimarratu du.
Bertsio ezberdinak
Eraikina hustu zuten egunean gertatutakoaren gaineko bertsio ezberdinak plazaratuko dituzte epaiketan. Plataformako kideen arabera, oldartu aurretik, mossoek jakinarazi zieten legez kanpoko kontzentrazio bat egiten ari zirela, eta sakabanatu ezean zigortu egingo zituztela. Horren ostean oldartu ziren.
Fiskaltzaren arabera, berriz, poliziak furgonetetatik jaisten ari zirenerako harriak, obretako hondakinak eta botilak jaurti zizkieten, eta auzipetuetako batek, identifikatu gabeko beste norbaiten laguntzarekin, ate bat altxatu zuen agenteei botatzeko intentzioz, nahiz eta ez zuen bota. Poliziei kristalezko botila bat jaurti izana egozten diote beste auzipetuari, baina hori erakusten duen frogarik ere ez dago.
Oldartu ostean, mossoak epailearen baimenik gabe sartu ziren eraikinera, eta barruan zeuden lagunak atera zituzten. Ekintzaileek esan zieten familiek bi egun zeramatzatela han bizitzen, baina poliziek erantzun zieten okupazio abisu bat jaso zutela berriki, eta «etxegabetze espres bat» zela hura.
Akusatuen aldeko elkartasun keinuak izan dira Euskal Herrian ere. Besteak beste, otsailaren 28an elkartasun jaialdi bat egin zuten Igorreko Kiñu gaztetxean (Bizkaia), eta Korrikan ere erakutsi zituzten absoluzioaren aldeko aldarriak. Sei urte daramatzate borrokan sei urteko zigorraren kontra; ikusteko dago gehiago luzatu beharko duten ala ez.