Sei urteko kartzela zigorra, arrebaordeari modu jarraituan sexu abusuak egiteagatik

Biktimak 8 urte zituenean hasi zen gizona hari abusuak egiten. Gipuzkoako Auzitegiak gizon bat zigortu du, neska adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik eta kokaina emateagatik.

Eraso matxista bat salatzeko kontzentrazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eraso matxista bat salatzeko kontzentrazioa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 4a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, arrebaordeari modu jarraituan sexu abusuak egiteagatik. Biktimak 8 urte zituenean hasi zen gizona hari modu jarraituan sexu abusuak egiten. Kartzela zigorra betetzeaz gain, gizona ezin izanen da biktimarengandik 300 metro baino gutxiagora egon hamar urtez; eta, gainera, zigorra beteta, bertze hamar urtez zaintzapean aske egon beharko du. 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari, kalte moralengatik. 

Sententziaren arabera, biktima, haren ahizpa eta gurasoak Iruñean bizi ziren, eta 2016an erasotzailea haiekin bizitzera joan zen; 2022 arte egon ziren elkarrekin bizitzen, erasotzailea gurasoen etxetik irten zen arte. Epaiak dioenez, erasotzaileak arrebaordea zaintzen zuen, eta tarte horiek baliatzen zituen hari sexu abusuak egiteko. 

Delitu mota horrengatik bi eta sei urte bitarteko kartzela zigorrak ezartzen dira. Epaileak zigorrik handiena jartzea erabaki du, abusuen iraupenagatik, biktima umea zenean hasi baitziren abusuak, eta abusu horiek eragin «neurrigabea» izan baitute adingabearen integritate sexualean. 

Haxixa eta kokaina

Gipuzkoako Auzitegiak, berriz, hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 14 urteko neska bati sexu eraso bat egiteagatik eta kokaina emateagatik, Irunen (Gipuzkoa). Neskaren amak gizona etxean hartu zuen COVID-19aren pandemiaren garaian. Epaiaren arabera, gizonak kokaina eta haxixa eman zizkion neskari, adingabea zela, eta jakinik horrek kalte egingo ziola haren osasunari. 2020ko apirileko egun batean, neskak alkohola eta kokaina hartu eta gero, gizona haren logelara sartu zen, eta sexu eraso bat egin zion.

Neskak ez zion ezer esan amari. Urte eta erdi geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza batean zegoela, beste neska batzuei entzun zien antzeko erasoak egin zizkietela, eta berak jasandako erasoaren berri eman zion hezitzaile bati. Epailearentzat, neskaren lekukotza sinesgarria da, eta zigortu egin du gizona.

Gizonari aringarri gisa aplikatu dio droga mendekotasuna. Ezingo da neskarengana hurbildu eta harekin harremanetan jarri bost urtean. Espetxetik ateratakoan, bost urtez egon beharko du zaintzapean. 180 euroko isuna ere ezarri dio epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.