Euskal presoak

Sei urteko zigorra jarri diote Troitiñori, ETAn berriz sartzea egotzita

2011n irten zen espetxetik, 24 urte preso egin ondoren, eta Londresera joan zen, Parot doktrina saihesteko. 2012an atxilotu zuten, eta Espainiak haren estradizioa eskatu zuen.

Antton Troitiño, Espainiako Auzitegi Nazionalen, otsailaren 19an. ZIPI (EFE)
jokin sagarzazu
2018ko martxoaren 16a
17:55
Entzun

Beste sei urteko espetxe zigorra jarri diote Antton Troitiñori. 2012tik, Londresen atxilotu zutenetik, behin behinean preso egin du denbora gehiena, eta hori sei urteko zigorretik kendu beharko liokete. Dena den, espetxealdia bete ondoren beste bi urte eta erdiz egongo da zaintzapean aske, kontrol neurri zorrotzekin. Horrez gain, hamar urteko inhabilitazio osoa ezarri diote.

Fiskaltzak eta AVT biktimen elkarteak zigor handiagoak eskatu zituzten —11 eta 12 urte, hurrenez hurren, eta bost urteko zaintzapeko askatasuna—, baina epaimahaiak erabaki du Zigor Kodearen 579 bis artikulua ezartzea, argudiatuta, Troitiño "ETAren esanetara" egon arren, "atzeraguardian" zegoela eta ez duela zigorgarria den ekintzarik egin. Epaimahaia osatu dute Concepcionn Espejelek, Jesus Eduardo Gutierrezek eta Nicolas Povedak.

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten, otsailaren 19an. ETAn "berriz sartzea" leporatu dio Zigor Salako lehenengo sekzioak. Horretarako, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren "egitura" baliatu zuela dio epaiak, eta ETAk eman zizkiola nortasun agiri faltsuak eta Iñaki Lerinen helbidea —harekin bizi zen atxilotu zutenean; Lerin iazko ekainean gelditu zen aske, zigorra beteta—.

Epaiketan Troitiñok ukatu zuen 2011n aske geratu ostean ETAri laguntza edo gomendiorik eskatu ziola, eta erakunde klandestinoak nortasun agiri faltsuak eman zizkiola Erresuma Batura joan ahal izateko. "Kalean nagoenetik, ni ez naiz sekula harremanetan jarri [ETArekin], eta gaur egun ere ez dut kontakturik", adierazi zuen.

Hark azaldu zuenez, berriz espetxeratu behar zutela jakin zuenean —Parot doktrinan oinarrituta auzitegiak eginiko zigor urteen beste kontaketa dela-eta—, ihes egin zuen, ez zitzaiolako "zentzuzkoa" iruditu kartzelan berriz sartzea, zigorra "betea" zuelako; are, 2008tik kalean behar zuela azpimarratu zuen, baina Parot doktrina ezarri ziotenez, beste hiru urte egin zituela preso.

Akusazioan aldaketak, zigortzeko

24 urteren ondoren, 2011n geratu zen aske, eta 2012an berriz atxilotu zuten, Londresen. Han, egunkariak banatzen lan egiten zuen. Atxilotu zutenean, nortasun agiri faltsuak zituen.

"Oker burokratiko batengatik" behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita —auzitegiaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso—, fiskaltzak galdegin zuen haren atxilotzea eta estradizioa. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu zuen doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterreko Auzitegiak.

Ondoren, akusazioko argudioak aldatu eta ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriz Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ostean, iazko maiatzean Espainiaratu zuten arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.