Sei urteren ondoren, kolpean ireki dituzte Haurreskolak sareko listak

Agortu egin da ordezkoen zerrenda, eta presaz ireki dute sartzeko epea. Ez dituzte aintzat hartuko merituak: izen emandako ordenan sartuko dira. Sindikatuak, inprobisazioaz kexu

Jende multzoa, ilaran, atzo Haurreskolak partzuergoaren egoitza inguruan, izena emateko zain. ANA AIZPURUA / ETA KITTO.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gazte jendea, ilara luzeetan. Ez kontzerturako sarrera eske: lanerako sarbide eske. Eibarren (Gipuzkoa), Haurreskolak partzuergoaren atarian hori zen irudia atzo goizean. Herenegun arratsean hasi zen jendea pilatzen, ordezkoen zerrendak irekiko zituztela jakinda. Sei urtez itxita eduki dituzte, eta kolpetik ireki dituzte, hutsuneak bete ezinda. Presaka: atzo eta gaur soilik eman daiteke izena, eta goizez soilik. Eta ez dute kontuan hartuko hautagaien curriculuma: izena ematen duten ordenaren arabera deituko diete lanerako. Behin-behineko neurria da, ikasturte amaierara artekoa. Datorren ikasturtean listan segituko dute orain sartutakoek, baina merituak barematuko dizkiete.

Zerrendak itxita eduki dituzte 2011ko urritik, eta, beraz, urteotan guztietan titulua lortu dutenek —unibertsitatean edo Lanbide Heziketan— ez dute aukerarik izan Haurreskolak partzuergoan ordezkoen listan sartzeko. Ehunka eta ehunka dira. Horrek eragin du berealdiko ilarak sortzea orain.

500 lagunetik, hogei prest

Zer gertatu da? Hezkuntza Saileko iturriek azaldu dutenez, «sekula» gertatu gabekoa izan da: ordezkoen zerrendan deitu gabeko 500 lagun zituzten oraindik, eta haietatik hogei bakarrik azaldu dira prest ordezkapen bat egiten hasteko. Hogei, dauden hutsuneak baino gehiago. Hortaz, erabaki dute «urgentziaz» irekitzea listak, eta merituei ez erreparatzea, izena emandako ordenari baizik. Salbuespeneko bidea da, baina legezkoa, sailaren esanetan.

Herenegun iragarri zuen listak zabalduko zituela Haurreskolak partzuergoak, eta gaur eguerdian itxiko du epea —atzo ere goizean soilik egon zen aukera—. Jendetza bildu zen. «Ni iluntzean etorri nintzen, 20:15ean, eta bosgarrena izan naiz izena ematen. Lehena 17:00etan etorri zen atzo». Irati izeneko emakume bat, atzo, listan sartu eta gero. Ilara amaigabean, atzerago zeuden goizaldera iritsitakoak. «Dudan egon ginen gaua pasatzera etorri edo ez; azkenean 06:30ean etorri gara, eta 390.a izan naiz». Miren izeneko emakume batek azaldu du ilaran giro ona izan dutela hautagaien artean, baina kexu da partzuergoaren jokabidearekin. «Mila pertsonak egunerokoa utzi eta horrela egon behar izan dugu ilaran lana behar dugulako. Lotsagarria da». Antzera mintzatu da Irati ere: «Hau ez bada kudeaketa txarra... Bi egunez soilik ireki listak, eta bezperan abisatu. Ilarak erakusten du zer desesperazio puntu dugun».

Lantokitik joandakoak ere baziren ilaran, ikasitako arloan lan egin nahi dutenak. «Askok lana utzi dugu hona etortzeko. Nik nagusiari deitu behar izan diot, ezin nuela joan; beste asko ere horrela daude», adierazi du Jone izeneko emakume batek. Uste du ez dela itxura horrela ibili beharra. «Bi egun bakarrik jarri dituzte izena emateko, datuak eman gabe, presaka eta korrika. Kaosa izan da». 07:30ean heldu zen ilarara, eta eguerdia pasea zen hartu zutenerako. Ez daki zenbatgarrena den.

Udazkenean, baremazioak

Denbora daramate zain gehienek. Iratik, adibidez, orain lau urte bukatu zuen karrera; Mirenek, orain hiru. Jonek Lehen Hezkuntzako gradua lortu zuen orain hiru urte, eta Haur Hezkuntza amaitu berri du. Bi titulu izan arren, berdin dio: hurrenkera izango dute irizpidea.

Ordezkapenak izena emandako ordenaren arabera egite hori ikasturte amaierara arte egongo da indarrean, uztail amaiera arte. Datorren ikasturtean baremazioa egingo du partzuergoak, eta hautagai bakoitzaren merituak zehaztuko ditu; hori izango da lanera deitzeko irizpidea. Hala ere, badago ilarak bultzatu dituen faktore bat: sei urtean lehen aldiz ireki dituzte listak, eta gaur itxi egingo dira, «bestelako erabakirik hartu arte», partzuergoaren aginduak dioenez. Horrek bultzatu du jendea. «Behintzat hankatxo bat sartzeko», Iratik dioenez. Puntuak lortu beharko dituzte orain. «Baina zirkulu bat da: esperientziarik ez dugunez, ez gaituzte deitzen; eta ez gaituztenez deitzen, ez dugu esperientziarik», ohartarazi du Mirenek. Beste eremuei begira jarri da Jone: salatu du Lehen Hezkuntzako listak ere itxita daudela.

Kritika handiak jaso ditu Haurreskolak partzuergoak; ELA, LAB eta Steilas sindikatuek onartezintzat jo dute jokabide hori, abisua bezperan egitea eta izena emateko epea bi egunekoa izatea. Salatu dute aurreikuspen falta izan dela. Legebiltzarrean, salaketa egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere. Esplikazioak eskatuko dizkiote Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.