Errebalidak ziren orain abian jartzekoak. LOMCEren egutegiaren arabera, aurten amaierako azterketa pasatu behar zuten Batxilergo bukaerako irakasleek. Ez ezartzea erabaki zuen, ordea, Espainiako Gobernuak, gutxiengoan dagoela ikusita. Hezkuntzako «itun nazionala» lortzeko bidea abiatu dute Espainiako Kongresuan, eta hori adostu arte behintzat ez dituzte errebalidak hasiko. Eta gero ere zail dirudi, PP ez beste alderdiak horren kontra baitaude. Kongresuan zer egingo duten zain, hona aurten nolakoa izango den unibertsitateko sarbide proba.
BESTE FUNTZIO BAT DAUKA?
Ez. Izena aldatu diote soil-soilik: Unibertsitatera Sartzeko Hautaproba zen orain arte; orain, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa. Izenean badira aldaketak, baina izanean, ez: unibertsitatera joan nahi duten ikasleek bakarrik egin behar dute selektibitatea, eta Batxilergoko titulua berdin emango diete proba hori gainditzen ez dutenei eta egiten ez dutenei —jakina, Batxilergo osoa igaro badute—.EGITEKO MODUA ALDATU DA?
Ez. Unibertsitate publikoek dute azterketa egiteko ardura: Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Egutegi aldetik, aurreko urteetako garaitsu berean izango dira azterketak: ohiko deialdia, ekainaren 7an, 8an eta 9an —asteazken, ostegun, ostiral—; ezohiko deialdia, uztailaren 5ean, 6an eta 7an. Unibertsitatean izango dira probak, gehienez ordu eta erdikoak.AZTERGAIAK ALDATU DIRA?
Aztertuko den ikasmaila, ez. Batxilergoko bigarren mailako edukiak sartuko dira selektibitatean, ez Batxilergo osokoak —errebalidan, izan ere, ikastaldi osoko arloak sartzeko asmoa zuten—. Ikasgaien edukian izan daitezke aldaketak, LOMCE indarrean baitago.FASE OROKORRA: ZER DA?
Selektibitateko lehen zatia da, derrigor egin beharrekoa unibertsitatera joateko. Bost proba ditu. Batetik, ikasle guztientzat igualak diren lau: Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Hizkuntza eta Espainiako Historia. Berritasun bat badago hor: orain arte, Filosofia edo Espainiako Historia, bi horietako bat egin behar zuten, baina LOMCErekin Filosofia kendu egin dutenez, Espainiako Historia da egin beharrekoa. Bestetik, lau horien ondoren, Batxilergoko adarrari dagokion ikasgai baten azterketa egin behar da. Ezarria dago zein egin: Zientzietan, Matematika; Giza Zientzietan, Latina; Gizarte Zientzietan, Matematika Aplikatua; eta Arteetan, Artearen Oinarriak. Berritasuna da hori ere, orain arte ikasleak esaten baitzuen zein egin.OROKORREKO NOTA, NOLA?
Fase orokorra gainditutzat jotzen dute ikasgai guztien arteko batez bestekoa lau puntutik gora badago. Aldi berean, selektibitatea pasatutzat jotzeko, fase orokorreko notaren eta Batxilergoko notaren artean bost puntu gainditu behar dira. Hau da formula: Batxilergoko espedienteak zehazten du %60, eta selektibitateko lehen faseak %40. Bost puntutik gora badago, unibertsitatera joateko atea irekia du ikasleak. Besterik da ikasleen kopurua mugatua duten karreretan sartzeko aukera izango duen lehen fasean lortutako puntuekin.BIGARREN FASEA, ZERGATIK?
Karrera batean sartzeko nota igo nahi duten ikasleentzat da. Ez da derrigor egin beharrekoa, hortaz: nota handiagoa lortu nahi dutenentzat da. Beste lau puntu daude jokoan fase horretan; finean, selektibitateko lehen zatiak adinako pisua du sarbide nota jartzeko.ZER IKASGAI SARTZEN DIRA?
Ikasleak aukeratu behar du zein egin. Batxilergoko adarrari dagozkion ikasgaien azterketa egitea da logikoena, lehenengo zatian egin gabe utzi diren ikasgaienak. NUPen, gehienez bi ikasgai hartuko dituzte kontuan nota igotzeko; EHUn, hiru. Kontua da lehen zatiko azterketak ere aintzat hartuko dituztela. Berritasuna da hori. NUPen, proba bakarra hartuko dute kontuan: Batxilergoko modalitateari dagokion derrigorrezko ikasgaia; EHUn, horrez gain, beste batzuk ere hartu ahal izango dituzte kontuan. Probetan bost puntu baino gehiago atera behar dira aintzat hartzeko.Kontuan izatekoa da unibertsitate bakoitzak zehazten duela bigarren fasea, eta, hortaz, sistema desberdina dela batetik bestera. Kasu horretan, karrera hasi nahi den unibertsitateko sistema hartu behar da kontuan, hango sarbide nota unibertsitatearen beraren sistemaren araberakoa baita. Alegia, adibidez, selektibitatea Nafarroan egin baina gradua EHUn ikasi nahi bada, bigarren faseko kalifikazioak haztatzeko era EHUren araberakoa izango da.
NUP: NOLAKO PUNTUAZIOA?
Karreran sartzeko nota igotzea du helburu bigarren faseak, eta nota ezartzeko modua desberdina da graduaren arabera: zer ikasi nahi den, Batxilergoko ikasgai bakoitzak pisu handiagoa edo txikiagoa du. Adibidez, Erizaintza ikasteko, bigarren fasean lau ikasgairen azterketak hartzen dituzte nota igotzeko —zientzietako Batxilergoa egin behar da aurrez—: Biologia, Fisika, Matematika eta Kimika. ZIentzietako ikasleek Matematikako etsamina egina izango dute lehen fasean, eta, berriro egin beharrik gabe, hura balia dezakete nota igotzeko —lau puntutik bi—; bigarren fasean aukera dute beste hiru ikasgaitako azterketak egiteko, baina betiere bi notarik onenak hartuko dizkiete kontuan. Sistema berbera da Batxilergoko adar bat pasatu izana eskatzen ez duten karreretan. Magisteritzan, adibidez, edozein Batxilergotatik sar daiteke, eta bigarren fasean adar guztietako modalitateko gaiek balio dute nota handitzeko: Biologiak, Fisikak, Matematikak, Diseinuak, Geografiak, Latinak... Modalitateko ikasgai guztiek balio dute lau puntutik bi, Enpresa Ekonomiak izan ezik —hark, bat—; birekin lor daitezke lau puntuak.EHU: NOLAKO PUNTUAZIOA?
Sistema konplexuagoa izango da Euskal Herriko Unibertsitatean. Haztatze eredu bat jarri dute han ere, eta karrera bakoitzaren araberako pisua izango dute bigarren faseko azterketek. Desberdintasuna: NUPen fase orokorreko proba bat soilik hartuko dute kontuan —modalitateko derrigorrezkoa—, eta EHUn, gehiago ere bai. Izatez, baldintza bat jarri die unibertsitateak fakultate guztiei: nota igotzeko, Euskara kontuan hartu behar dute karrera guztietan. Kanpotik etorritako ikasleekin arazoa sor zezakeen horrek, ez dutelako Euskara eman haiek. Hara formula: ikasgaiak hiru taldetan bildu dituzte, eta talde bakoitzetik nota oneneko ikasgaia erabiliko dute bigarren fase horretan sarbideko nota hobetzeko.Psikologian, adibidez, bi talde egin dituzte: batetik, Matematika, Matematika Aplikatua, Biologia eta Filosofiaren Historia —lau puntutik hiru—; bestetik, Euskara, Gaztelania eta Atzerriko Hizkuntza —lau puntutik bat—. Bi taldeetako bakoitzean kalifikazio onena duen ikasgaia hartuko dute nota igotzeko. Gerta liteke, baina, azterketarik egin beharrik ez izatea: hizkuntzen azterketa ikasle guztiek pasatu behar dute lehen fasean; Matematika ere pasatu behar dute, eta gizarte zientzietakoek, Matematika Aplikatua. Horrenbestez, kasu horietan, aukera lukete bigarren fasean nota igotzeko batere azterketarik egin gabe.
Ez dira halakoak kasu guztiak, dena dela. Industria arloko ingeniaritzetan, adibidez, hiru talde: bat, Matematika; bi, Euskara, Marrazketa Teknikoa eta Kimika; eta hiru, Fisika. Matematikak lautik bi puntu ditu, eta beste bi taldeek, bana. Zientzietako ikasleek lehen fasean eginak izango dituzte Matematika eta Euskara; Fisika egitearekin osatu ahalko dute dena. Karrera bakoitzeko haztatze eredua zehaztu dute unibertsitateek, eta argitaratua dago informazioa. Oro har, familia berekoak diren karreretan haztatze eredu berbera jarri dute sarbide nota egiteko.