Hego Euskal Herriko 17.734 ikaslek unibertsitatera sartzeko proba hasi dute

Azterketa horien aurkako mobilizazioak egin dituzte IAS eta Ikama ikasle mugimenduek. IASek salatu du proba horiek «filtro sozialerako tresna» direla; Ikamak, berriz, ikasleak «zenbaki» bihurtzen dituztela.

Ikasle batzuk azterketak egiten, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ikasle batzuk azterketak egiten, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko ekainaren 2a
09:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste urte batez, gaur hasi eta ostegunera bitarte, milaka ikasle elkartuko dira Hego Euskal Herriko campusetan unibertsitatera sartzeko proba egiteko. Denera, 17.734 ikaslek egingo dituzte azterketak: 13.588k Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta 4.146k Nafarroan. Ohiko deialdiaren emaitzak hilaren 10ean jakinaraziko dituzte, eta ezohiko deialdiko azterketak hilaren 24tik 26ra egingo dituzte.

Unibertsitatera sartzeko probak bi fase ditu: batak helburu du ikasleek unibertsitate ikasketak egiteko «heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak» dituztela neurtzea; bestea, aldiz, borondatezkoa da, eta ikasleek gehienez ere lau ikasgaitara aurkezteko aukera dute. Bigarren fase horretan, ikasleak egin nahi duen gradurako onuragarrienak diren bi kalifikazioak hartzen dira aintzat. Halere, IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak eta Ikamak iritzi diote azterketa eredu hori aldatu beharra dagoela, eta, nork bere aldetik, horien aurkako zenbait ekintza eta mobilizazio egin dituzte.

IASek uste du unibertsitatera sartzeko proba eta baxoa «filtro sozialerako tresna» direla. Are, salatu du ikasleen «etorkizun akademikoa baldintzatzen» dutela, eta haien arteko «indibidualismoa eta lehiakortasuna» sustatzen dituztela, argudiatuta helburua ahalik eta «posturik onena» lortzea dela, eta horrek gainontzeko ikasleak «etsai» gisa identifikatzea eragin dezakeela.

IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak selektibitatearen aurka gaur goizean egindako ekintza. IAS
IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak gaur goizean egindako ekintza. IAS

Azterketa horiek ikasleen buru osasunari «nabarmen» kalte egiten diotela ere esan du antolakundeak. Are, prentsa oharrean azaldu duenez, ikasleen ezinegona eta lan karga areagotu egin dira azken bi urteotan, unibertsitatera sartzeko proba «aldaketa fase batean» murgilduta dagoelako. Horiek guztiak salatzeko, mobilizazioak egin dituzte gaur EHUren Donostiako eta Gasteizko campusetan eta Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko campusean; bihar, berriz, EHUren Leioako (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) campusetan egingo dituzte.

Ikama ere irten da kalera

Ikamak ere elkarretaratzeak egin ditu gaur goizean, 10:30ean, Leioako, Donostiako, Eibarko, Gasteizko eta Iruñeko campusetan. Ikasle mugimenduak azaldu duenez, unibertsitatera sartzeko proba hezkuntza prozesu osoa baldintzatzen duen «froga zaharkitu bat» da, eta ikasleen etorkizuna eraikitzeko aukerak «sortzen edo ezabatzen» ditu. Are, Ikamak salatu du azterketa eredu horrek ikasleak «zenbaki huts» bihurtzen dituela, eta agerian uzten duela hezkuntza sistemaren «funtzionamendu meritokratikoa». Hain justu, ikasle mugimenduak ohartarazi du «desberdintasunean oinarritutako klase gizartearen tresna bat» dela. 

Ikamaren mobilizazioa, gaur goizean. IKAMA
Ikamaren mobilizazioa, gaur goizean. IKAMA

Ikasle borrokara batzeko deia ere egin diete haien ikaskideei, eta bide horri eutsiko diotela nabarmendu dute. Ikamaren goizeko elkarretaratzeek amaiera eman diote fck sele dinamikari, zeina apirilaren amaieran hasi baitzen. 

Baxoa ere jopuntuan

Ipar Euskal Herrian ekainaren erdialdean egingo dute baxoa. IASek eta Ikamak gogoan izan dituzte Ipar Euskal Herriko ikasleak, eta haien egoera salatu dute, nabarmenduta oraindik ere ezin dituztela azterketa guztiak euskaraz egin. Halere, haien borrokak izan du lorpenik. Hala adierazi du IASek: «Azken asteetako borrokari esker, matematikako azterketa euskaraz egitea lortu dute. Beste behin, garbi gelditu da ikasleon borrokaren eta presioaren bitartez gure interesak defendatzeko gai garela, baina ez da nahikoa».

Ikamak ere lorpen hori txalotu du; halere, azpimarratu du egoera «larria» dela oraindik, eta Ipar Euskal Herriko ikasleei elkartasuna adierazte aldera, elkartasun argazkiak egin dituzte. Ikamak Nafarroako zenbait ikasleren egoera ere aipatu du, eta gaitzetsi lurralde horretako hainbat lekutan ere ez dagoela euskaraz ikasteko aukerarik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA