Adingabeen delituak. Luis Miguel Uruñuela. Berriztu elkarteko zuzendaria

«Seme-alaben indarkeria soilik familiei dagokie? Edo tribu osoari?»

Adingabeen arretan espezializatutako Berriztu elkarteko zuzendari Uruñuelak onartu du Otxarkagoako jazoera «lurrikara bat» izan dela. Babes premian diren gazteei buruzko aurreiritziak puzteko era izaterik ez luke nahi; ustez abaro diren sendietako nerabeak ere iristen zaizkie.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Dolua pasatu behar genuen. Elkarrizketa asko eskatu dizkigute iragan egunotan, hedabide askotatik, baina ez genuen hitz egin nahi: dolua pasatu egin behar zen. Isiltasuna hautatu dugu horretarako». Mintzo dena Luis Miguel Uruñuela da, besteak beste adingabeen artan —bai delituak egin dituztenak, baita babesik gabe daudenak ere— espezializatutako Berriztu elkarteko zuzendaria. Bilbon azken asteotan adingabeek egindako delitu larrien atzean faktore asko daudela adierazi du, eta konplexutasun hori ulertuta aztertu behar direla.

Babesik gabe zeuden adingabeek egindako delitu larriak albiste izan dira Bilbon asteotan. Babes falta hori delituak egiten hasteko arrisku faktore bat da?

Klixe bat dela esango nuke. Egia da badirela gazteak babesik gabe dauden adingabeentzako sisteman daudenak, eta gazteentzako justiziako sistemara doazenak; edo alderantziz. Hori badago; baina ez da zerbait masiboa. Babes sarean dauden gazte gehienek ez dute bukatzen adingabeentzako justizia sisteman. Eta, halaber, badaude gazteak justizia sistema horretara iristen direnak aurrez babes sisteman egon gabe.

Sarri zerrendatzen dira delituak egiten hastea ekar dezaketen arrisku faktoreak...

Bai, kriminologoek-eta beti aipatzen dituzten halako faktoreak. Eta ongi dago hori kanpotik fenomenoa ulertzen ahalegintzeko. Barruan ari garenontzat, berriz, horrek ez du gehiegirako balio... Halako aniztasuna dago! Zeren eta ados, dozena erdi bat arrisku faktore zerrendatzen ditugu, baina gero neurtu egin behar da horien eragina. Guk tipularen irudia erabiltzen dugu sarriago; erdian norbanakoa dago, eta inguruan hainbat geruza ditu, harengan eragina dute denek. Eta ikertu behar den lehena norbanakoa bera da; izan ere, hortxe egon daitezke hainbat aldagai aintzat hartzeko.

Buruko arazoak?

Neurobiologikoak. Esate baterako, pertsona batek arazoak baditu emozioak kontrolatzen dituen neuronen transmisioan, emozioak aise loratuko dira hartzen dituen erabakietan, edo dituen erreakzioetan. Oraindik ezjakintasun handia dugu gai horietan. Ondorengo geruza familiarena da. Usu hori hartzen da hizpide.

Bideak eskatzen dituzu sendiei laguntzeko umeak hezten...

Andre bati haurdun dagoenean baliabide pila bat jartzen dizkio osasun sistemak haurdunaldia kontrolatzeko... Alor fisiko hori zaintzen da. Ondorengoa zergatik ez? Esan behar da: «Ume bat izatera zoaz, eta gizarteak ahal duen guztia egingo du laguntzeko». Baliabideak eskura jartzea da kontua; ez soilik jende behartsuarentzat: mundu guztiarentzat. Guk, esaterako, talde bat dugu propio seme-alaben partetik biolentzia jasaten duten sendientzat: horra egoera ekonomiko ertain eta altua duten familiak ere heltzen dira: enpresaburuenak, unibertsitateko irakasleenak...

Familiaren geruzatik irtenda...

Eskola litzateke hirugarren geruza. Babes sistema-eta ere hor legoke. Bietan daude gauzak hobetzeko, inor ez dago libre. Eta, gero,azken geruza balioena litzateke, ideologiarena. Egunotan jende asko atera da esaten; «Bigarren geruza hori da inportantea: familia». Edo: «Ez, hirugarren geruza hori da inportantea: gizarteko balioak»... Bada, ez. Geruza horiek guztiek elkarren artean zer eragin duten: hortxe dago honen gakoa.

Egunotako gertaera larriek gazteen artean lege urraketak ugaritzen direla erakusten dute?

Lurrikara bat izan da; zerbait puntuala. Esango nuke ez duela erakusten aparteko egoera bat.Arazo mota batzuk ugariago agertzen dira, baina... Gazteen %90ek baino gehiagok ez duteloturarik adingabeen justiziarekin. Orokorrean ondo funtzionatzen da. Jakina, horrelako kasu bat agertzen da, eta: «Sistema oso gaizki dabil». Bada, hori ere ez da.

Bortxarako joera handitu egin da gaur egun gazteen artean?

Ez dut hain argi. Agian bai, e? Baina ez dut batere argi. Biolentzia mota asko daude, gainera. Guk gure zentroetan ez dugu larritzeko moduko igoerarik ikusi.

Gurasoen kontra egiten duten nerabeen kopurua, esaterako, igotzen ari da igaro urteotan. Gainezka daude familia asko?

Bai, baina familia horiek ez daude bakartuta. Faktore asko daude hor atzean. Askotan entzuten da: «Familiak gainezka daude, ez dago gurasoen kontrolik». Bale, inork artarik eman die horrelako egoerarik ez izateko? Seme-alaben indarkeria soilik familiei dagokie? Edo tribu osoaren kontua da? Geruza guztien artean bakar bat hautatu eta horri bakarrik erreparatzea, adimenari irain egitea da. Gizakia ez da hain laua.

Arrisku faktoreetan aipatzen dira drogak. Zein da egoera?

Egun orain dela hogei urte baino droga gehiago ote dagoen kalean? Bai. Egun hartzen diren substantziek oldarkortasuna sustatzen duten? Baietz uste dugu. Kokak, anfetaminek... Horiek oldarkortasuna areagotzen dute.

Salbuespen bat izan dira igaro egunotako kasuak?

Bai, bai. Honek esan nahi du gazteen indarkeria uholde bat datorrela? Ez nuke esango. Ez diot ezinezkoa denik, baina...

Zerbaitek kale egin du, ezta?

Bai, bai, zerbaitek kale egin du. Nolanahi ere, iragartzen zaila da ez dakit nolako babesgabetasun egoera dagoelako nerabe batek norbait hilko duenik. Hori iragar zitekeela esaten ari dena, edo gezurretan ari da, edo ideiarik ez du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.