Senarraren lizentzia: diziplina ezartzeko tresna

Duela 50 urte arte Hego Euskal Herriko emakumeek senarraren baimena behar zuten kanpoan lan egiteko, bankuan kontu korronte bat irekitzeko edo bidaiatzeko. 'Senarraren lizentzia' izeneko arauak ezartzen zuen hori.

Martxoak 8ko manifestazio bat artxiboko, irudi batean. JON URBE / FOKU
Martxoak 8ko manifestazio bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«A zer zortea duzun. Senarrak gauzak egiten uzten dizu eta ez zaitu jotzen». Esaldi hori ongi ezagutzen dute orain mende erdiko gizartean bizi izan ziren emakume anitzek. Tere Saez Astelehen Lilak elkarteko kidearen eta ekintzaile feministaren erranetan, garai hartako Hego Euskal Herriko emaztekiak «gizon on baten menpe» zeuden, eta arras mugatua zuten zer egin zezaketen eta zer ez. Izan ere, 1889an senarraren lizentzia delakoa sartu zen indarrean Espainiako Kode Zibilean, eta ia mende batez iraun zuen: aurten 50 urte bete dira indargabetu zutenetik. Arau horren arabera, emakume ezkonduek senarraren baimena behar zuten ondasunak eskuratzeko, gidabaimena ateratzeko, kontu korronte bat irekitzeko edo laneko kontratu bat sinatzeko, bertzeak bertze.

Saezek 18 urte zituen araua baliogabetu zutenean, eta, beraz, ez zituen jasan haren mugak, baina ongi oroitzen ditu lagunek kontatutakoak: «Gogoan dut nola esaten zidaten bankuan ezin zutela kontu korronte propiorik izan, ezin zutela beren dirua kudeatu edo baimenik gabe bidaiatu; egoera oso zaila zen». Saezen arabera, orduko Kode Zibilak zehazten zuen «gizonak emakumea babestu behar zuela, eta hark senarrari obeditu». Are, emaztekiaren betebeharra zen seme-alabak artatzea, baina haien gaineko guraso ahala gizonarena zen; hark umeak adopzioan eman ahal zituen andreari galdetu gabe, baimenik izan gabe. Hori ere gogoan du Saezek: «Haurren tutoretzarekin arazo anitz izan zituen lagun bat nuen; emakumeak babesgabetasun egoera handian zeuden. Gogoan dut ezin zuela hautatu ezta non bizi ere, eta ez zuela inongo eskubiderik beren seme-alaben gainean. Horrek urduritasun handia eragiten zion».

Araua urte luzez indarrean egon bazen ere, 1939tik aitzina, erregimen frankista agintera iritsi zenean, bereziki gogortu zen egoera: emaztekia etxeko alorrean guztiz zokoratu zuten. Miren Ortubai zigor zuzenbideko adituaren erranetan, eskubideei dagokienean ezer ezin da «konkistatutzat jo»: «Historiak eta denborak erakutsi digute emakumeen eskubideen alorrean atzera-buelta egon daitekeela, eta horixe geratu zen frankismo garaian». Are, Saezek gogoratu du bertze herrialdeetan antzeko arauak bazirela, baina agintean zeudenek ez zutela horretan arreta berezirik jartzen: «Senarraren lizentzia oso ongi ordezkatzen zuen Falange Española alderdiaren emakumezkoen atalak. Gogoan dut eskolan etxeko lanak egiten erakusten zigutela, eta derrigorrezkoa zela, adibidez, joste lanak entregatzea». 

«Senarraren lizentzia oso ongi ordezkatzen zuen Falange Española alderdiaren emakumezkoen atalak»

TERE SAEZEkintzaile feminista

Frankismoaren kontrako borroka

Hain zuzen, Saezen irudiko, erregimen horren aurkako borrokarekin lotu daiteke lizentzia bertan behera utzi izana: «Frankismoaren kontrako borrokak lagundu egin zuen, onerako eta txarrerako: gure eskubideen alde ere borrokatzen zen, baina ez ziren lehentasuna». Antzera mintzo da Ortubai ere: «Emakumeen eskubideak geroko uzten dira, eta gero, beti atzendu».

Nazioarteko presioak ere eraginik izan zuen: Nazio Batuen Erakundearen akordio bat medio, 1975 Emakumeen Nazioarteko Urtea izendatu zuten, eta, ondorioz, Espainian 14/1975 Legea onartu zuten. Arau horrek emakumeen eskubideei eragiten zieten Kode Zibileko eta Merkataritza Kodeko zenbait artikulu erreformatu zituen. «Aldaketak aplikatzea oso nekeza izan zen, erresistentzia handia zegoen: epaileek, adibidez, ez zuten ezer kontrolatzen, eta ez zuten ezer kontrolatu nahi», dio Saezek.  

Ortubaik gogoan du zigor arloan aldaketak «askoz beranduago» iritsi zirela: «Etxe barruan emakumeari diziplina ezartzeko joera ez zen 1975ean desagertu, eta hori gogoan izan behar dugu».

Ortubai unibertsitateko lehenbiziko urtean zegoenean indargabetu zuten lizentzia, eta aitortu du horri buruz beranduago jakin zuela: «Inguruan ez nuen kanpoan lan egiten zuen andre anitzik, lizentzia ez zen bereziki ezaguna, ez zegoen kalean». Zertaz, baina? Bada, haren iduriko, gizarteko sektore arras ttipi baten interesa zelako bankuan kontu korronte bat izatea edo kanpoan lan egitea. «Kanpoan lan egiteko aukera zuten emakumeak gutxi ziren, ez besteei senarrak aukera hori ukatu egiten zielako, baizik eta laborantzan lanean jartzen zituztelako, adibidez; eta aziendarekin edo lurrarekin lan egiteko inork ez zuen lizentziarik behar». Hortaz, uste du gaia lantzen hasi ziren lehenbiziko emaztekiak juristak izan zirela, kalean ez zelako bereziki ezaguna. 

«Kanpoan lan egiteko aukera zuten emakumeak gutxi ziren, ez besteei senarrak aukera hori ukatu egiten zielako, baizik eta laborantzan lanean jartzen zituztelako, adibidez; eta aziendarekin edo lurrarekin lan egiteko inork ez zuen lizentziarik behar»

MIREN ORTUBAIZigor Zuzenbideko aditua

Are, 1975eko legearen ondorioz desagertu zen bertze ideia bat lizentzia baino garrantzitsuagoa zaio: emaztekiek beren senarrari obeditzeko betebeharra. «Ideia horrek berekin dakarrelako pentsatzea obeditzen ez duen emaztea zigortu dezakeela senarrak; eta horrek, finean, indarkeria matxista legezko egiten zuen, legezkoa zen emaztea etxe barnean diziplinatzea», borobildu du. 

Dibortzioa

Urte hura «inflexio puntu bat» izan zela argi dute Saezek eta Ortubaik. «Emakume anitz askatu ziren. Jendeak ez daki zer zen lehenik zure aitaren eta gero zure senarraren menpeko izatea. Ez zinen existitzen eskubideen subjektu gisa», dio Saezek.

Ondoko urteetan dibortzioaren eskubidearen aldeko borrokan eta, oro har, laguntza prozesuetan lan egin zuen. «Afera ez zelako eskubide batzuk aitortzea, eskubide horiek aplikatzen zirela ziurtatu behar zen, eta horretan aritu ginen urte luzez», zehaztu du Saezek. 

Gogoan du bide horretan erresistentzia handia jasan zutela militantziako kideen aldetik, eta «prozesu luzea» behar izan zutela gizonak berdintasunaren aldeko borrokan aktibo izan zitezen. Dibortzioa berendako ere onuragarria zela ulertzeko, erraterako. «Gogorra zen, askotan barregarri uzten gintuzten. Ezin dugu ahantzi gizartea ez dela egun batetik bestera aldatzen, eta orduko gizarte eredua bereziki zaharkitua zen; zure jendearen kontrako etengabeko borroka zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.