Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Ukaezina da: gaur-gaurkoz, euskara Gipuzkoan dago bizien. Euskararen ezagutzarik handiena han dute, eta bertan erabiltzen da gehien, bai etxean, bai kalean. Baina zer-nolakoa izango da argazkia 2036an? UEMAk eskatuta Siadecok egin duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerketako datuak aztertuta egin daiteke Gipuzkoan hizkuntzak izango duen bilakaeraren irudikapena —BERRIAk datozen egunetan aletuko ditu txostenaren datuak, herrialdez herrialde—. Honatx aurreikuspena, hitz gutxitan: «Gipuzkoan txikiagoa izan da euskararen bizi indarraren higadura. Gipuzkoak sendoago eutsi die, nolabait ere, hizkuntzaren arnasgune diren eremuen ezaugarriei, Bizkaiarekin eta Nafarroarekin alderatuta». Hots, zenbait adierazleri erreparatuta, badago esperantzarako tarterik, baina atzeraldia suma daiteke beste zenbaitetan.
Oinarrira jota. Euskaldun gehiago izango da Gipuzkoan: 2021ean, 408.851 gipuzkoar ziren euskaldunak, biztanleria osoaren %57,6; alta, 449.772 izango dira 2036an (%61,1). Baina gazteenen artean behera egingo du ezagutzak: 2021ean, 2-14 urteko biztanleen %90,4 euskaldunak ziren; 2036an, %85,4 izango dira. Ikerketan, oro har, beherako joera hori argia da herrialde guztietan, adin tarte horretan.
Ezagutzarekin lotuta, frogatuta dago euskaraz aritzeko erraztasuna edukitzea erabakigarria dela hizkuntza hori hautatzeko garaian. Hainbat adierazle aztertu dituzte, eta joerak ez dira euskararen aldeko.
Lehen hizkuntza: 2021ean, lehen hizkuntza euskara zuten gipuzkoarren %33,3k; 2036an, 31,7k izango dute. Eta euskara eta gaztelera zituzten lehen hizkuntza %8,7k; 2036an, %10,3k izango dituzte.
Etxeko erabilera: biztanleen %25,2 euskara hutsean aritzen ziren 2021ean; 2036an, berriz, %23,7 arituko dira. Gero eta gehiago izango dira euskaraz eta gazteleraz jarduten dutenak: 2021ean %16,5 ziren, eta 2036an %21,2 izango dira. Alabaina, igoera nabarmenena ez euskaraz ez gazteleraz ari direnena izango da: 2021ean, gipuzkoarren %3,3 aritzen ziren etxean beste hizkuntza batean; 2036an %7 izango dira.
Ia arnasgunerik gabe
Herriz herriko egoeraren argazkia ere atera du Siadecok. Horretan ere Gipuzkoako egoera da positiboena, nahiz eta atzera egin izanaren zantzuak oso nabarmenak diren, 1991n arnasgune beteen multzoan zeuden herri gehienek utzi baitiote multzo horretan egoteari. Gaur egun, eremu horretan geratzen diren bost udalerriak Gipuzkoakoak dira: Abaltzisketa, Baliarrain, Elduain, Orexa eta Zerain.
Aurreikuspenaren arabera, nagusitasun eremu horiek guztiz desagertuta egongo dira 2036an, ez da udalerri bakar bat geratuko kategoria horretan. Arnasgune erasan deituak ere ia desagertuta egongo dira 2036an; 21 herri txiki bakarrik egongo dira kategoria horretan, eta horietako hamabi Gipuzkoan egongo dira.