Senidetza sinboliko bat egin dute Durangoko eta Gernika-Lumoko herritarrek, bonbardaketen urteurrenaren harira

Lekukoak 1937 elkarteak eta Durangoko Zugaza zinema aretoak antolatu dute ekitaldia, eta bonbardaketetatik bizirik ateratako zortzi lagun gonbidatu dituzte. Memoria aitortzearen eta transmisioa egitearen garrantzia nabarmendu dute.

Lekukoak 1937 elkarteko kideak, gaur, Durangon. JON URBE / FOKU
Lekukoak 1937 elkarteko kideak, gaur, Durangon. JON URBE / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 25a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bortz urte inguru izanen zituzten denek; batzuek gehiago, eta bertze batzuek gutxiago. Haurra izateak ez zituen gerratik salbatu, eta bonbardaketa bat bizi izan zuten beren herriko plazan, beren etxe-aurrean, beren kalean. 1937an eraso zieten faxistek Durangori eta Gernikari (Bizkaia), eta, 89 urte pasatuagatik, inork ez du bizi izanikoa ahantzi. Ezta horretarako asmorik eduki ere.

Bederatzi kidek osatzen dute Lekukoak 1937 elkartea: Iban Gorriti sortzaileak eta bonbardaketetatik bizirik atera ziren zortzi lagunek. Durangon izan dira gaur, Zugazako zinema aretoan, elkarri omenaldi txiki bat egiten.

Berez-berez martxoaren 31 da urteurrena, baina badauka zentzua sei egun lehenago ospatzeak. Izan ere, elkarteak ez du urteroko ekitaldi bera egin nahi, eta, hortaz, bortz urte daramatza instituzioei —bertzeak bertze udalei— eskakizun bat egiten: egin dezatela Gernika-Lumoren eta Durangoren arteko senidetza bat. Baina ezezkoa jasotzen zuten urtero. «Inork ez digu kasurik egin, hauteskunde garaian izan ezik. Eta pentsatu genuen: ‘Tira, inork ez badu egiten, guk egin beharko dugu’», erran dute elkarteko ordezkariek. «Noizbehinka, gutako kide bat hil egiten da, eta instituzioek ez digute laguntzen gure ametsa egia bihurtzen».

Gaurko ekimena Gorritik eta Emilio Ferreras Zugazako zinema aretoaren zuzendariak antolatu dute, eta «sorpresa» izan da gonbidatuentzat: bonbardaketaren lekukoentzat, alegia.

«Ekitaldia sortu dugu bonbardaketetako bizirik atera ginenon memoria aitortzeko eta 1936ko gerra militarreko egunetako beldurra bizirik mantentzeko estatu kolpe baten ondoren», azaldu du Gorritik. Elkartekoentzat, erran duenez, «oso baliotsua» da hiriarteko lotura sinboliko eta ez-ofiziala lortzea, «memoria partekatua delako, elkarri aitortza zor diogulako, eta gogo handia daukagulako Durangori eta Gernikari aitortzeko herri ahizpak direla».

Gerraren hogei bitxikeria

Aitortza ekitaldia film labur batzuekin ondu dute. Hasteko, Gorritiren beraren Ba al zenekien? dokumentala eman dute, Durangoko bonbardaketari buruzko hogei bitxikeria kontatzen dituen lana. Laugarren aldiz eskaini dio Gorritik ikus-entzunezko proiektu bat bonbardaketari.  

Baina bertze bi ere proiektatu dituzte: Últimas mujeres supervivientes (Bizirik iraun duten azken emakumeak) eta Kantatzen ez duen herria herri hila da. Joan den urtean estreinatu zen lehena, eta 2009an bigarrena. Biktimei aitortza egiteko ez ezik, iraganeko historia egungo belaunaldiei transmititzeko ere baliatu dute ekitaldia, «honen atzean ez baitago beste inor».

Omenaldiaren azkeneko urratsa: oroimen plaka bat jartzea bi herrien arteko senidetza idatzita gera dadin. Halaxe dio paratu berri duten plakak: «2026ko martxoaren 25ean, Zugaza Zinema-aretoak Durangoko eta Gernikako bonbardaketetatik bizirik atera zirenen arteko lehen senidetza hartu zuen. Haiek oraindik bizirik zirela egin zen. Hori posible egin zuen Lekukoak 1937 kolektiboak».  

Hala, hemendik aitzinera, bonbardatutako lurretan irri txiki batek eginen die ihes lekukoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!