Sestaoko alkateak ez zuen etorkinen aurka prebarikatu, epaileak dioenez

Errumaniarrak erroldatzeko trabak jartzeagatik salatu zuen SOS Arrazakeriak.Udalak azaldu du erabaki teknikoak zirela, ez alkateak hartuak

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Delitu zantzurik ez du ikusi epaileak Josu Bergara Sestaoko alkatearen (EAJ) jardunean. Immigranteak erroldatzeko trabak jartzen zituelakoan, auzitara jo zuen SOS Arrazakeria taldeak, prebarikazioagatik. Froga gisara aurkeztu zituen hainbesteko zeresana eman zuten grabazio batzuk: etorkinak «ostiaka» kanporatuko dituela esanez ageri da grabazio horietan Bergara alkatea, eta «kaka» gisa izendatzen ditu atzerritarrak. Epailearen ebazpenak dio herritar batzuk ez erroldatzea ez zela izan alkatearen erabaki «arbitrarioa». Zantzurik ez dagoelakoan, itxi egin du auzibidea.

Hasiera-hasierako fasean zegoen kasua. Barakaldoko auzitegiak uztailean onartu zuen salaketa, eta udalari datuak eskatu zizkion. Bergara alkatea ez zuen inputatu.

Zortzi ijito errumaniarrena zen salaketa. Azaldu zuten erroldan izena emateko eskatu ziotela udalari, baina ez zutela lortu. Areago, haien esanetan, ez zen kasu bakarra: 40 txosten zeuden ebazpenaren zain Sestaoko Udalean. Salaketaren arabera, alkateak saltzaile batzuei aitortu zien espediente batzuk ebatzi gabe zeuzkala. Ijitoen eta etorkinen eskariak lirateke. Prebarikazioa egitea leporatu zioten, legea urratzea jakinaren gainean egonda. Astungarri bat ere erantsi zioten: arrazakeria, atzerritarrak ez erroldatzeagatik.

«Kaka Sestaora? Ez, ez!»

Alkatea etorkinen kontra aritzen zela frogatzeko, grabazio bat zabaldu zuten. Etxe saltzaile batzuekin ageri da hizketan Bergara, gogor, etorkinei buruz: «Kaka guztia Sestaora? Ez, ez! Kaka jada ez da etorriko Sestaora; bestela, bota egingo dut nik; ni neu arduratuko naiz joan daitezen; ostiaka, noski!». Familia batzuk botatzeko laguntza eskatu zien etxe saltzaileei.

Zurrunbilo handia eragin zuten adierazpen arrazista horiek, baina karguan jarraitu zuen alkateak. Barkamena eskatu zuen, hitz «desegokiak» izan zirelako, baina, hortik aurrera, bere jardunaren defentsa egin zuen, Sestaoko delinkuentzia datuak larritzekoak zirela nabarmenduz —Ertzaintzaren datuen arabera, Bizkaiko hemeretzi herrik zuten garai hartan Sestaok baino tasa handiagoa; tartean, Bilbok eta Barakaldok—. EAJk ere okertzat jo zituen hitzak, baina ez zuen neurririk hartu. Kalean, alkatearen babesle agertu ziren ehunka herritar; elkarretaratzeak egin zituzten haren alde.

Udalaren «baldintzak»

Auzitegiak ez ditu adierazpen horiek aztertu, ez baitziren salaketaren zati. Immigranteei erroldan sartzeko oztoporik jarri ote dieten ikertu du epaileak, eta horrelakorik ez dela izan ebatzi du. Ezin dela ondorioztatu espediente batzuk atzeratuta egotea alkatearen erabakia denik, eta ezin zaiola leporatu prebarikaziorik. Udalak eman du epaiaren berri, ohar bidez —ebazpen osoa ez du agertu—.

Udalaren arabera, «baldintza batzuk» bete behar dira erroldan sartzeko, eta dokumentu batzuk aurkeztu; salatzaileek ez zituzten baldintzak bete, eta horregatik ez zituzten erroldan sartu. «Ez erroldatzea justifikatuta dago alde juridikotik, eta ez da alkateak arbitrarioki hartutako erabakia».

Auzibidea behin-behinean itxita —helegitea jartzeko aukera du SOS Arrazakeriak—, maiatzeko hauteskundeetara aurkezteko oztoporik ez du izango Bergarak. EAJren alkategai izango da berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.