HEZKUNTZA

Sexu bereizketari eutsita, Nafarroako itunpeko bi ikastetxek legea urratu dutela esan du Gimenok

Hezkuntza Departamentuak ebatzi du Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek ez dutela LOMLOE legea betetzen: «Ituna eteteko motibo izan daiteke».

Irabia-Izaga ikastetxea, ikasleak sexuagatik bereizten dituzten zentroetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 12a
13:44
Entzun

Lehengo lepotik burua. Itunpeko ikastetxe erlijioso batzuek ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzte oraindik. Nafarroako Hezkuntza Departamentuko ikuskaritza zerbitzuak txosten bat ondu du fenomeno horren inguruan, eta ondorioak zurian beltz helarazi dizkio Hezkuntzako zuzendaritza nagusiari: «Batxilergoari dagokionez, Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeak ez dira betetzen ari LOMLOE legean ezarritakoa», laburbildu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. Izan ere, ikasleak sexuagatik banatzen dituzten ikastetxeekin itunak sinatzea debeku da Espainiako hezkuntza legearen arabera.

Iaz, segregazio mota hori bukatzeko hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta bi ikastetxe horietako zuzendaritzek, itun ekonomikoa berritzeko baldintza gisara. Gimenoren arabera, ordea, ikastetxeok ez dute bete sinatutakoa: «Iragan ostiralean jaso genituen hezkuntza ikuskaritzako zerbitzuaren aktak, eta horietan frogatutako gertakariek erakusten dute, agerikoa denez, Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek ez dutela bete LOMLOE lege organikoak agindutakoa».

Ikuskaritza zerbitzuaren txostenean jasotako arau urratzea «ituna eteteko motibo» izan daitekeela gaineratu du Hezkuntza kontseilariak. Hala ere, hori ez da berehalakoan gertatuko: «Aurretik, prozedura administratibo argi eta partekatu bat finkatu behar dugu, segurtasun juridikoa emate aldera. Horri esker, alde guztiek bermatua izanen dute defentsarako eskubidea, eta aukera izanen dute beren burua justifikatzeko, baldintzak beste batzuk direla ulertzen badute. Hartara, Hezkuntza Departamentuak agiri bat igorriko die, ikuskaritzaren aktekin batera, alegazioak aurkez ditzaten», azaldu du Gimenok. «Behin alegazio horiek jasota, departamentuak kasua aztertu eta itunari eusteko edo hura bertan behera uzteko ebazpena kaleratuko du, kasuan-kasuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.