Lantokian sexu erasoa jasan zuen emakume bati ezintasun iraunkor absolutua aitortu diote Nafarroan

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, erasoa 2022an izan zen, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.

Sexu eraso baten aurkako elkarretaratze bat, artxiboko argazki batean. JON URBE / FOKU
Sexu eraso baten aurkako elkarretaratze bat, artxiboko argazki batean. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko maiatzaren 13a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Lan Arloko 2. Epaitegiak ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio sexu eraso bat jasan zuen Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko langile bati. ELA sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, erasoa 2022an izan zen: pertsona bat gauez ospitalera sartu zen, eta bertako komun publikoetan egin zion eraso emakumeari. «Sexu erasoa lan eremuko indarkeria matxistaren adierazpen larrienetako bat izanik, epai honek garrantzi berezia hartzen du. Enpresen utzikeria agerian uzteaz gain, erreferentziazko aurrekari bat ezartzen du erasoak pairatu dituzten emakumeentzat», erran du sindikatuak.

Adierazi dutenez, epaileak frogatutzat jo du langileak «trauma ondoko estres nahasmendua eta ondorio psikologiko larriak» dituela, eta horiek «erabat baliogabetzen» dutela bere «lanerako gaitasuna». Hala, epaileak ondorioztatu du biktimak ezin duela «inolako lanik normaltasunez» egin, eta %100eko prestazioa onartu diote. 

Ez da kasuari lotutako lehenbiziko epaia: iazko martxoan Iruñeko Lan Arloko Epaitegiak Osasunbidea eta Arcasa enpresa zigortu zituen; azken horrek kafetegi zerbitzua ematen du Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Bi zigortuei egotzi zieten lan inguruneko gutxieneko segurtasun eta osasun neurriak ez betetzea, kafetegiko langileei komun eta aldagela propiorik ez emateagatik. Langileari zera ordaindu beharko diote: gaixoaldian zegoen bitartean —eta lanerako ezintasuna aitortu eta gero— jasotzen dituen prestazioen %30eko gainordaina. Ordu hartan ere ELA sindikatuak ordezkatu zuen langilea epaitegietan.

Azken epaia «biktimarentzako aitortza gisa» definitu du sindikatuak, eta kritiko mintzatu da gizarte segurantzak hasieran izandako jarrerarekin. Izan ere, langileak ezintasun eskaera bide administratibotik egin zuen hasieran, eta hori ukatu egin zioten. «Horrek auzitara jotzera behartu zuen langilea, eta horrek birbiktimizazioa eragin zion, txosten medikuetan jaso bezala», borobildu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE