Sexu jazarpena zigortzeko legea eztabaidagai dago Frantziako Senatuan

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Francois Hollande Frantziako presidenteak hauteskunde kanpainan egindako promesari jarraikiz, Frantziako senatuak sexu jazarpenari buruzko lege xedea eztabaidatzeari ekin dio aste honetan. Uda dela eta, etena egonen da, baina irailean berriz helduko diote lege xedeari. Joan den maiatzetik Frantziako legeak ez du sexu jazarpena zigortzen, hauteskunde egunaren bezperan, berdintasun irizpideen aitzakian, ordura arteko legea indargabetu baitzuen Frantziak presidente ohi Nicolas Sarkozyk.

Talde feministak, alderdi politikoak eta gizarte eragileek gogor gaitzetsi zuten erabakia. Indarrean zegoen legea «murritza eta nahasia» zela salatzen zuten gehienek, baina, hala ere, sexu jazarpena zigorrik gabe uztea erabaki larria zela jakinarazi zuten. Izan ere, erabaki horren ondorioz, ordura arte Frantziak zigortutako kasu guztietan helegitea ezartzeko aukera zegoen. Horrela eginez gero, ezarritako zigor guztiak bertan behera gelditzeko arriskua zegoen. Horrekin batera, legerik ezean, sexu jazarpena ezin da epaitu, Frantziako Parlamentuak lege bat onartu arte.

Hori egin bitartean, orain arteko legearen luzamena indarrean ezartzeko eskatu zioten lehenik Sarkozyri eta ondoren Hollanderi. Aste honetan abian ezarri den lege xedearen eztabaidak emaitza beharko luke epe laburrean. Hala ere, legerik ez dagoen bitartean, arrangura bizia berretsi dute gizarte eragileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.