Sexu transmisiozko infekzioak bikoiztu egin ziren iaz EAEn

Kasu gehienak 20 eta 34 urte arteko gazteetan atzeman dituzte. 2.954 klamidiasi, 1.861 gonorrea eta 490 sifilis kasu diagnostikatu ziren EAEn iaz. GIB kasuei dagokienez, 125 atzeman zituzten, eta 22 hies kasu berri.

Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak hiesa eta sexu transmisiozko infekzioen inguruko informazioa eman dute gaur Bilbon. Bertan parte hartu dute Marco Imbert, Alberto Martinez eta Oskar Aierdik. MITXI / IREKIA
Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak hiesa eta sexu transmisiozko infekzioen inguruko informazioa eman dute gaur Bilbon. Bertan parte hartu dute Marco Imbert, Alberto Martinez eta Oskar Aierdik. MITXI / IREKIA
Julen Ugartemendia Carcedo
2025eko uztailaren 2a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohartarazi dute azken hamarkadan STI sexu harremanen bidez transmititzen diren infekzioek «etengabeko gorakada nabarmena» izan dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak garatutako Hiesaren eta STIen Planaren iazko memoria aurkeztu dute gaur, Bilbon, eta azpimarratu dute 2023ko datuekin alderatuta infekzio kasuak halako bi zirela iaz.

Infekzioak 20 eta 34 urte arteko gazteen artean zabaldu dira gehien. 2.954 klamidiasi (2023an, 1.484), 1.861 gonorrea (2023an, 1.109) eta 490 sifilis kasu (2023an, 274) diagnostikatu zituzten EAEn iaz. Sexuari dagokionez, aipaturiko hiru gaixotasunak gehienbat gizonetan atzeman dituzte, batez ere gonorrea (%82,1) eta sifilisa (%91,3). 

GIB giza immunoeskasiaren birusaren 125 kasu diagnostikatu zituzten iaz. Kopuru hori bere horretan mantendu da azken bost urteetan, baina, hiesari dagokionez, 2023an baino sei kasu gehiago atzeman zituzten —22 iaz eta hamasei 2023an—. GIBaren infekzio berrien %82,4 gizonetan izan ziren. Ia bi kasutik batean diagnostikoa berandu egin zen, eta Osakidetzak azpimarratu du «bizi-kalitate ona» lortzeko «funtsezkoa» dela goiz diagnostikatzea tratamendua ezartzeko. 

Osakidetzak prebentzio neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du, sexu harremanen bidez kutsatzen diren infekzioek «osasunean eragin ditzaketen arriskuak saihesteko». Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu du txostenean jasotako datuek agerian uzten dutela «GIBa eta STIak gaur egun ere osasun publikorako arazo bat direla». Egoera ikusita, osasun arretarako sistemak «prebentziora eta arretara» bideratu behar direla azpimarratu du. Sexu osasunari «modu integralean eta ikuspegi positibo batetik» heldu behar zaiola aipatu du Osakidetzako Hiesaren eta STIren Planaren koordinatzaile Oskar Aierdik, «bereziki biztanleria zaurgarriari zuzenduta, hala nola gazteei eta nerabeei».

Kontzientziaziorako kanpainak abian

Aipaturiko infekzio horiek geldiarazteko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak martxan jarritako bi kontzientziazio kanpaina aipatu dituzte: Ez egin match STI-ekin, eta gizonekin sexu harremanak dituzten gizonei zuzendutako Nola edo hala, sexu libre eta segurua —horiek baitira kolektibo kalteberenetakoak—. Nafarroan ere sanferminetara begira Goxo-goxo konpainiarik onenean kanpaina abiatu dute Hiesaren Aurkako Nafarroako Herri Batzordeak eta peñek, jaietan berdintasunezko harreman sexual-afektiboak, askotarikoak, onartuak eta indarkeriarik gabekoak sustatzeko. Nafarroan, 840 klamidiasi, 381 gonorrea, 61 sifilis, 34 GIB eta 7 hies kasu diagnostikatu ziren 2023an. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.