«Azken unera arte espero izan dut egindakoa onartuko zutela, zernahi egin zutela onartuko zutela, eta gizatasun pixka bat erakutsiko zutela, baina ez du iduri hala denik». Shaun Hegartyren hitzak dira, goizean epaimahaiari erranak. Loik Le Priol, Romain Bouvier eta Lyson Rochemir epaitzen ari dira asteotan Parisko Krimen Auzitegian, eta haientzako hitzak dira. Izan ere, Federico Martin Arambururen erailketagatik epaitzen ari dira Le Priol, hilketa saiakeragatik Bouvier, eta hilketa saiakeran konplize izateagatik Rochemir. Lekukotasun inportantea da Hegartyrena: Arambururekin zegoen tiro egin ziotenean. Lagun minak ziren aspalditik, Miarritzeko taldean elkarrekin errugbian arituak, eta Esprit Basque enpresan lankide izanak.
Trauma osteko estresa du Hegartyk ordutik: itolarria, amesgaiztoak, antsietatea, tristura... Eta lekukotasuna «gertakarietan ahalik eta gehien oinarrituta» ematen saiatu da, kontuan hartuta Bouvierrek tiro egin zuenetik Aramburuk «Polizia dei ezazu, hiltzen ari naiz» erran zion arte disoziazio bat egin zuela, haren burmuina hein horretako indarkeria baten aitzinean ez baitzen gai izan zer gertatzen ari zen ulertzeko.
Kronologikoki kontatu du dena, Aramburu ezagutu eta 2022ko martxoaren 19ra artekoak, eta ondotik bizi izan zituen egunetakoak. Esprit Basque enpresaren kontratu berri bat ospatzeko bildu ziren bi errugbilari ohiak Le Mabillon ostatuan, Parisen, goizeko bostak aldera. Terrazan jarri ziren, eta ondoko mahaian zituzten hiru akusatuak. Hasieran giro «alaia» zen, mahai guzien artean. Ez dute zehaztu nork nori, baina talde batek besteari nongoa ote zen galdetu zion. Hegartyk erran du «balitekeela» berak galdetu izana: «Ene estiloko galdera bat da, beharbada, bai». Hegartyk euskalduna zela esplikatu zuen; Aramburuk, argentinarra zela. Bouvierrek zola erakutsi zion: «Gu hemengoak gara». Hegartyk ironiaz erantzun zion: «Espaloi puska honetakoak?». Baina eztabaida horretan bukatu zen, giro lasaian.
Gero, beste gizon bat hasi zen Bouvierrekin eta Rochemirrekin mintzatzen, baina Le Priolek, «mespretxuz, larderiaz eta hantustez», alde egiteko agindu zion gizon horri. Hegartyk, orduan, errespetuz tratatzeko eskatu zion. Le Priol altxatu zen, eta Hegartyri zarta batzuk eman zizkion. Segurtasun agente batek bereizi zituen. Hegartyk eta Aramburuk etxeratzea deliberatu zuen, eta Aramburuk, joateko momentuan, Le Priol kaputxatik harrapatu zuen, erorarazteko. Bi errugbilarien eta bi akusatu nagusien arteko borroka hasi zen orduan: 30 bat segundo iraun zuen, eta zerbitzariek eta segurtasun agenteek bereizi zituzten. «Lehen aldia da Federico halako jestu bat egiten ikusten nuela. Pentsatzen dut ikusitakoa injustiziatzat jo zuela, eta ez zuela onartu [Le Priol] ene probokatzera jin izana».
«Hilko dut»
Borrokan zirela bereizi zituzten zerbitzari batek eta segurtasun agenteak lekukotasuna eman dute gaur. Lekukotasun inportanteak dira gortearendako, krimenaren premeditazioari buruzko elementuak eman baititzakete. Izan ere, borroka finituta errugbilari ohien gibeletik joan ziren akusatuak: Le Priol, oinez, eta Bouvier eta Rochemir, jeepez. Zerbitzariak esplikatu du borroka finituta Le Priol «arrazoitzen» saiatu zela, baina berak «hilko dut» errepikatzen zuela. Epaimahaiburuari erran dio pentsatzen duela Aramburuz ari zela hori erraten zuenean. Halere ñabardura ttipi bat egin du: «Uste izan nuen ele hutsak zirela, borroka batean erran, bai, baina egiten ez direnak».
Segurtasun agenteak kontatu du borrokaren ondotik Le Priolek Polizia idatzia zuen besoko bat atera zuela, besoan ezarri zuela, eta arma bat atera zuela bere aitzinean, «errebolber ttipi bat». Bouvierrek ere erran zion polizia zela. Le Priolek arma atera zuenean, armaren zilindroa kargatu zuen balekin, eta «hilko dut» errepikatu zion, «hiru aldiz». Le Priolek besokoa atera izanak «markatu» duela erran du segurtasun agenteak eta «izutu» zela. «Handitasunak ezin du arma baten kontra jokatu». Halere, defentsaren abokatuek zalantzan jarri dute haren bertsioaren fidagarritasuna. «Ez dakit, markatu nau afera honek, baina duela denbora anitz zen», aletu du.
Le Mabilloneko bi langile horiek kontatu dute Aramburu eta Hegarty borrokaren ondotik bata bestari besotik helduta abiatu zirela etxerantz, gaualdia horretan finitua zen sentituta. Hegartyk bat egin du bertsio horrekin: «Etxeratzen ari ginela, pentsatu genuen zaharregiak ginela hain berandu finitzeko, eta gisa horretan borrokatzeko». Preseski, aurpegian zituzten zauri batzuk eztitzeko, etxera bidean zirela, Welcome hotelean sartu ziren izotza galdetzeko. Izotzez beteriko zapi bat eman zien zaindariak, eta hoteletik atera ziren, izotz zapia eskutan.
Jeepa arribatu zen orduan, eta Bouvier autotik atera zen. «'Hor daude' erran zuten», kontatu du Hegartyk. Arambururengana hurbildu zen Bouvier, eta Aramburu harengana: lau tiro egin zizkion orduan Bouvierrek. Oinez eskapatu zen, baita jeepa gidatzen zuen Rochemir ere, autoz. Le Priol oinez arribatu zen gero, eta ,Arambururekin liskar bat izan ondotik, sei aldiz egin zion tiro, Bouvierren bi balak dagoeneko zauritua zutelarik errugbilari ohia. Liskar denboran bereizi nahi izan zituen Hegartyk, «gertatzen ari zena ulertu gabe». Le Priolen abokatuek Hegartyri leporatu diote izotz zapia «arma gisa» baliatu izana, eta horrekin Le Priol zauritu izana. Baiezko keinuak egin ditu Le Priolek buruarekin. Ezezko keinuak, berriz, bi lekukoen lekukotasunak entzutean.
Nolanahi ere, Le Priolek Aramburu hiltzeko nahiari buruz zer pentsatzen duen galdetu diotelarik, Hegartyk argi utzi nahi izan du: «Errotik sinetsia naiz ez zirela abisu tiroak izan, eta Aramburu hil nahian egin zuela tiro». Hegartyren besoetan hil zen Aramburu. Auziaz zer espero duen galdetu dio epaimahaiburuak, eta zera erantzun du Hegartyk: «Lanjerosak dira, eta, egindakoaz ihes egiteko duten modua ikusita, lanjerosak dira oraindik ere akusatuak. Ahal bezain luzaz kartzelan egotea merezi dute».