Pastor
DARWIN ETA GU

Silvio, Xenpelar eta Bilintx

2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka eta milaka pertsona biltzen ari da Bad Bunny bere biran. Espektakulu itzela. Haren lana kritikatzen dugu, batez ere zenbait kantaren mezuak. Hala ere, Euskal Herritik joan da lagunik, bai, hura ikustera. Uste baino gehiago. Arrakasta izugarria du gizonak. 

Euskal herritar asko izango dira Silvio Rodriguezen kontzertuetan ere. Artista kubatarra irailean etorriko da gurera. Ez dut uste En el claro de la luna kantaren sentsibilitatea puertorricarraren ezein testutan dagoenik. «Le doy por donde hace pipĂ­, le doy por donde hace popĂ³Â», dio Untxiak. Ederra ekarpena. Badirudi koito anala berak asmatu duela. Beharbada, Hammurabi zena ere ibiliko zen horretan Babilonian. Ezkutuan, TikTok gabe.

Matxismo aztarrenik bai Silvioren kantetan? Ez, itxura denez, baina... Irakurri Cierta historia de amor abestiaren hitzak, lana harena dela jakin gabe: mutil bat andre dibortziatu batekin. Emakumea jotzen hasiko da, «tradizioa» da eta. Bukaeran, harengana doa andrea, guraizeak eskuan, beste neskarik ez duela ikusiko esanez. Gazteak ihes egingo du, «ohorea salbu» —hau da, zakila osorik—. Ironiaz idatzita dago, mutila barregarri uzteko? Hori uler daiteke. Edo ulertu nahi dugu. Izan ere, inork ez du Silvio emakume bat jipoitzen imajinatzen. Alta, hitzak irakurri eta...

Arrakasta eta ospea neskak errazago limurtzeko baliatu izana leporatuko diogu Silviori? Ez. Gutarra da. Biziki maite dugu.

Beste alde batetik, Debo partirme en dos abestian burua estalita kantatu nahi lukeela dio artistak, inork ez ezagutzeko, nahiz jakin badakien horrela ez duela «neskatxa eder baten mesederen bat edo beste» izango. Alabaina, errealitatean ez du txanoa jantzita abesten. OjalĂ¡ dokumentalean (2012) Kubatik kanpo izan zuen harrera beroa deskribatu zuen Silviok: «Eta, bat-batean, espainiarrek kasu egiten dizutela ikusten duzu». Eta, une bateko etenaldia egin ostean, irribarre maltzurra ezpainetan: «Eta emakume espainiarrek!». Badakigu zertaz ari den. Arrakasta eta ospea neskak errazago limurtzeko baliatu izana leporatuko diogu Silviori? Ez. Gutarra da. Biziki maite dugu.

Besteekin oso zorrotz jokatzen dugu, baina. Larrutu egiten ditugu. Zuzentasun politikoaren eta moral eta etika absolutuen defendatzailerik sutsuenak gara orduan. Testuak, ipuinak eta abar moldatzeari ekin diogu garai berrietara egokitzeko. Shakespeare ere hankaz gora dugu. Ondo da, baina ez dakit, ba, geureekin horren gupidagabe ote dihardugun.

Bertso kontuetan, adibidez. Auspoa bildumako liburuak hartu. Zenbat pasatuko lirateke zuzenketarik gabe? Xenpelarrek Oiartzungo neskatxen bentajak azaldu zizkigun: «Neskatxa eder balientia / artu nai baldin badezu / etorri zaitez Oiartzuna ta / antxen billatuko dezu». Eta gero: «Errenterian dama oiekin / askotan det nik itzegin / perfeziyua ta umiltasunak / eman lezake atsegin». Hara, gure Xenpelar! Oiartzungo neska eder perfektuekin ibiltzen da Errenterian. Ez da oso matxista, normatiboa? Testua aldatuko dugu ala bere horretan utziko?

Bilintxena larriagoa da. Ba al da euskaldunik, haren penaren berririk ez duenik? Gure poeta maiteminez dago eta hobe lukeela hil dio —beste arrazoi batengatik joan zen, prefosta, Joxan Oiz Arrutik Amazurtza liburuan idatzi duenez, baina tira—. Zer du, ba, Bizkarrondo Ureña jaunak? «Dama bat maitatzen det / bainan... aren jabe / sekulan izateko / esperantza gabe». Baina zer ote...? Dama baten jabe izan nahi duzu, Moko? Hori ez al da harreman toxiko baten oinarria? Gure umeak, bertso horiek kantatzen dituztenean, ez dira patriarkatuaren mezu pozoitsua barneratzen eta hedatzen ari? Ala soilik Bad Bunnyren kantak ahoan dituztenean gertatzen da? Bai, testuingurua desberdina zen XIX. mendean. Gaur «dama bat maitatzen dut / baina ez da hain grabe / lasai bizi naiteke / laztan hori gabe» idatziko luke Bilintxek. Antzinako sortzaileek ere bestela egingo lukete egun, ziurrenik. Eta hala ere...

Ez naiz Silvio, Xenpelar edo Bilintx kritikatzen ari, gure jokaera baizik. «Jadanik inortaz ere ezin gaitezke fidatu», esan dit lagun batek asteon. Emakumezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE