Donostiako Martutene auzoan eraiki nahi duten surf parkearen aurkako sinadura bilketa hasiko dute Donostiako eta inguruko herrietako hainbat surflarik. Duela bi hilabete pasatxo egin zuen eztanda albisteak. Surf parke bat Donostian; horrela zioen albistearen titular nagusiak, eta zurrumurru hori zabaldu eta gutxira iritsi ziren surflari askoren eta hainbat eta hainbat norbanakoren gaitzespen mezuak. Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Wavegarden enpresarena da proiektu hori, eta Donostiako Udalaren babesa du lehiaketa publiko batera aurkezteko. Martutene auzoan eraikiko litzateke, itsasotik gertu, eta olatu artifizialen bederatzi hektareako ingurune bat izango litzateke. Ideia gauzatzekotan, Wavegarden enpresa pribatuak kudeatuko luke; izan ere, olatuak egiteko makinetan eta parke artifizialetako ur tratamenduan espezializatutako lantegi bat da.
Surfrider Foundation Europe kolektiboak ohar baten adierazi duenez, surflariek eskatu dute proiektu hori berehala geldiaraz dezatela, eta azaldu dute helburu hori lortzeko mobilizatuko direla, «proiektuaren ondorio negatiboen inguruan informatuz». Horretarako, proiektuaren aurkako hamabost argudio zerrendatu dituzte txosten batean, eta, oharrean nabarmendu dutenez, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboak plazaratutako askotariko argumentuen osagarriak dira. Gainera, azpimarratu dute proiektuak ez diola herritarren eskaera edo behar bati erantzuten, eta dagoeneko badagoela ezaugarri horiek dituen surf parke bat Aizarnazabalen.
Hain justu ere, martxoan sortu zuten surf parkearen aurkako kolektibo hori, surfaren eta ekologiaren alorreko zazpi elkarteren artean. Egitasmoaren aurka zehaztu zituzten argudioen artean, olatu naturalei loturikoetan eta ingurumenari loturiko argumentuetan egin zuten azpimarra. Kolektiboaren arabera, kezka handiz hartu zuten Donostiako Udalaren proposamena, eta ingurumenaren alde egingo dutela nabarmendu zuten, «are gehiago bizi dugun klima larrialdian». Hain zuzen ere, salatu zuten olatu artifizialen ingurune hori kostaldetik lau kilometrora eraiki nahi dutela, «parketik oso gertu surfa modu natural eta iraunkorrean» egin daitekeela. Halaber, adierazi zuten proiektuaren balioak surflarien komunitatearen aurka joango liratekeela.
Aurrekariak Donibane Lohizunen
Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere saiatu ziren duela gutxi horrelako gune bat eraikitzen, baina, hein handi batean herritarren borrokari esker, proiektu hori atzera bota eta geldiarazi egin zuten. Donostiako eta inguruko herrietako surflariek egingo duten moduan, sinadura bilketa bat hasi zuten, eta 70.000 sinadura baino gehiago lortu zituzten surf parkearen eraikuntza geldiarazteko.