Osakidetzako osasun profesionalek erabiltzaileen gorabehera medikoak jasotzeko sistema informatikoa gaztelera hutsean dagoela salatu, eta euskaraz jartzea eskatzeko sinadura bilketa hasi dute hainbat osasun profesionalek. 1999. urtean ezartzen hasi zen sistema hori, eta denbora gutxian lehen arretako zentroetan guztiz ezarri zen. Lanabes garrantzitsua dela aitortu dute osasun profesionalek, baina salatu dute gaztelera hutsez egoteak beren jarduna baldintzatzen duela.
Aitor Montes Aramaioko (Araba) sendagileak abiarazi du sinadurak biltzeko ekimena, eta, egun gutxian, dozena bat osasun profesionalen sinadurak bildu ditu, baita beste askoren hitza jaso ere: medikuak, erizainak... «Mediku askok eskatu dute lan tresna hori euskaratzea, baina ez dute kasurik egin». Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratura zenbaitetan jo du Osabide euskaraz erabiltzeko eskubidea aldarrikatzeko: «Euskara hutsean bidali nuen lehen gutuna, eta hor egongo da galduta».
Teknikariak, informatikoak
Azaroaren hasieran bidalitako gutunari erantzun zioten, ordea. Eskaera Osakidetzako Informatikako zuzendariordetzara bidali zuten. «Orain hiru urte euskara teknikariek Osabide euskaratzeko eskatu zuten, baina teknikari bezala ez dute bertan esku sartzerik; hortaz, informatikariek euskaraz ez badakite...». Ildo horretan, Montesek azaldu du Katalunian katalan hutsez dagoela Osabideren baliokidea den programa, eta, horrenbestez, ez diola arazorik ikusten euskaraz egoteari. «Euskarak parekotasuna lortzen ez badu, bigarren mailako hizkuntza izango da».
Osabide euskaratzeko sinadurak biltzeaz gain Elebidera, Hizkuntza Eskubideen Behatokira eta beste hainbat lekura jo duela azaldu du. Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zerbitzuetako erabiltzaileei ere haien eskubideak aldarrikatzeko eskatu die. Hau da, osasun historia euskaraz eska dezatela galdegin die, baita arreta euskaraz jasotzeko ere.
Sinadura bilketa hasi dute Osabide euskaraz erabili ahal izateko
Osasun profesionalen lanabesa euskaratzeko eskariak dozena bat atxikipen jaso ditu egun gutxian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu