Ekonomia

Sindikatu deitzaileentzat "arrakastatsua" izan da greba, patronalarentzat "porrota"

ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNEren arabera, grebaren jarraipena %50ekoa izan zen, eta Confebasken esanetan, %11-12koa. Lopez Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du greba "politikoa" izan zela.

2009ko maiatzaren 22a
15:03
Entzun
Greba orokorraren biharamunean ere oso desberdinak izaten ari dira deialdiaren jarraipenari buruzko balorazioak. Esaterako, greba deitu zuten sindikatuek greba "arrakastatsua" izan zela adierazi dute -ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNEk-, eta %50eko jarraipena izan zuela. Oso bestelakoa da EAEko patronal Confebaskek egin duen irakurketa, lanuztea langileen %11-12k jarraitu zutela esan baitu eta, horrenbestez, "porrot biribila" izan zela.

Jose Guillermo Zubia Confesbaskeko idazkari nagusiak Radio Euskadin adierazi duenez, atzoko greba orokorraren jarraipena "txikia" izan zen eta, hortaz, "sindikatu deitzaileek eta, batik bat ELAk, uneoro duten jarrera ukatzailearen inguruko hausnarketa egin behar dute". Ildo beretik, "beste bide bat hartzeko" dei egin dio Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiari, "diagnostikoa eta neurriak partekatu ahal izateko".

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur ere mintzatu da atzoko grebaz; haren ustez, "guztiz errespetagarria izan arren, arrazoi politikoez gain izateko arrazoirik ez zuen izan grebak". Izan ere, Lopezen iritziz, "Euskadin ez da lan eskubide bat ere urratu, ezta babesik gutxitu edo lan erasorik izan ere". Era berean, "ezker abertzaleak greba, erakundeetan ez daukan presentzia eskuratzeko" erabili duela uste du Jaurlaritzako lehendakariak.

ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek atzo deituriko grebak industrian izan zuen eragin handiena, eta erabat gelditu zituen hainbat eskualde, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian; beste hainbat lekutan erantzun txikiagoa izan zuen. Sindikatuen arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresen erdietan beharginen %70ek baino gehiagok egin zuten greba, eta %19tan, berriz, langileen %30ek baino gehiagok.

Nafarroari dagokionez, denetariko erantzunak jaso zituen atzoko deialdiak. Babes handia izan zuen iparraldean; ia erabatekoa Sakanan, Leitza aldean eta Bortzirietan, eta oso handia Baztanen eta Lekunberri aldean. Hegoalderago, baina, grebak ez zuen hainbesteko babesa izan. Iruñerriari dagokionez, argazki kontrajarriak utzi zituen grebak.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "zorionez, atzo greba deitu zuten sindikatu nazionalistek ez zuten izan aurreikusten zuten arrakastarik" eta "inolako argumenturik ez zuen ekintza politikoa" gauzatu zutela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.