Euskara

Sindikatu nagusiek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin

Agerraldia egin dute gaur Kontseiluarekin, Bilbon, eta adierazi dute protestaren ardatzetako bat izango dela euskaraz lan egiteko eskubidea.

jarraia234095.jpg
arantxa iraola
2023ko urriaren 18a
13:27
Entzun

«Oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an Bilbon, euskararen normalizazioaren kontra igaro hilabeteotan izan diren epaiak auzitan jartze aldera. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jasotzen ari da. Deialdiaren harira, gaur, euskal sindikatu nagusiek eta lan munduko hainbat eragilek ere bat egin dute mobilizazioarekin bat egiteko, Bilbon. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, OlatuKoop eta EHko Pentsiodunen elkarteko ordezkariak izan dira agerraldian, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari Idurre Eskisabelekin.

Propio gaurkorako atera duen oharrean Kontseiluak gogora ekarri du «eremu sozioekonomikoa» ezinbestekoa dela hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazio prozesuan. «Izan ere, gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu, eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Horregatik, herritar erabiltzaile modura zerbitzua norbere hizkuntzan jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi du Kontseiluak, baita langile modura euskaraz lan egitekoa ere».

«Oldarraldi judizialeko» hainbat sententzia izan dira propio funtzio publikoko langileei eta enpresei euskara gaitasuna egiaztatzeko ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka. Euskaraz lan egiteko eskubidea dela gogoratu nahi izan dute gaur, ordea. «Hain zuzen, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan harremanak euskaraz burutzeko eskubidea defendatzen dugu. Finean, hizkuntza eskubideak lan eskubide ere badirelako. Aitortza hori ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko. Are gehiago, lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea ezinbestekoa da, guztion eskubideak bermatu ahal izateko».

Euskal Herri osorako, baina «tokian tokiko berezitasunei» ere erreparatuta, hizkuntza politika eraginkorrak eskatu dituzte, «Orain arte, haur eta gazteengan jarri izan dugu fokua», esan dute. «Ezinbesteko oinarri bat da, bai, baina ez da nahikoa. Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan mundua erabat erdalduna denean?». Hor eragiten jarraitze aldera, justiziak ezin duela traba izan gogoratu dute. «Zoritxarrez, kontrako bidean datoz azkenaldian epaitegietatik jasotako sententziak. Gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela: oldarraldi judizial bat».

Mobilizazio soziala «ezinbestekoa» dela jakinda, euskaltzaleei, eta, orokorrean, hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar eta eragile guztiei mobilizaziora joateko eskatu diete: «Urteetan eginiko lana eta landutako adostasun sozialak auzitan jartzen ezin diegulako utzi».

Ordezkariak

Pello Igeregi ELA sindikatuko ordezkariak esan du epaileak «aurpegira oihuka» ari zaizkiola euskal gizarteari. Adibiderako, gogora ekarri du atzo jakin zela EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi dituela EAEko udal legea euskararen arloan garatzeko dekretuko artikulu batzuk eta ukatu egin nahi zaiela era horretan udalei euskara lehenesteko era. LABen izenean Garbiñe Aranburuk euskaraz «lan eta bizitzeko eskubidea» aldarrikatu du: «Guk ere nozitzen dugu euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judiziala».

EHNEko ordezkari Patxiku Irisarrik nekazaritza munduak dituen berezitasunei erreparatu die. «Hizkuntza lan munduan nonbait mantendu bada, hori landa eremuan izan da, Garai bateko burla eta eseki artean. Gaur da eguna non, baserri mundua arnasgune izatetik hilzorian dagoen eremua bihurtzen ari den». Nekazaritza indartu ahala, euskara ere biziberritu daitekeela uste du. .Leire Udabe izan da agerraldian OlatuKoop-eko ordezkari. «Euskara gure kooperatiba eta proiektu kolektiboen DNAn txertatzea hautu kontzientea da», esan du. «Gainera, kooperatibismoa denontzat izateko langile migratu eta prekarizatuek, laneratze prozesuan euskara ikasi eta murgiltzea eskubide bezala aitortu behar dela uste dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.