Greba Kristau Eskoletan

Sindikatuek langileen "erantzun positiboa" nabarmendu dute

Kristau Eskolan hilabeteko greba hasi dute: sindikatuek «erantzun positiboa» sumatu dute, baina patronalak, eragin txikia. Bilerak egiten segituko dute bi aldeek, akordioa lortzeko.

Kristau Eskoltako langileak, protestan, Bilboko Indautxu auzoko Jesuiten ikastetxearen atarian. FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo
2019ko azaroaren 7a
17:34
Entzun

Akordiorik ez dago oraingoz, eta hilabeteko greba hasi dute Kristau Eskolan. Azkenera arte negoziatzen jardun zuten herenegun arratsean; bi aldeek adierazi dute aurrerapausoak eman zituztela, baina ez dago adostasunik. Hortaz, atzo mobilizazioak hasi zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetan. Sindikatuen esanetan, «erantzun positiboa» izan du deialdiak langileen aldetik; Kristau Eskolaren arabera, ordea, bost beharginetik bakarrak jo du lanuztera. Kontuan izatekoa da Eusko Jaurlaritzak areagotu egin dituela gutxieneko zerbitzuak. Adostasunik ez badago, abenduaren 5era arte egingo dute greba. Familiak erdian harrapatuta daude: soluzioa eskatu dute.

Greba nabaritu da gaur ikastetxeetan. Bilbon, Indautxu auzoko Jesuitak ikastetxean, adibidez, goizeko lehen orduan protesta egin dute grebara jo duten langileek. Ordutsu berean, guraso andana bat zebilen atzera-aurrera. Etsita daude gehienak. «Espero genuen, baina honek ezin du horrela jarraitu: negoziazio bat arazo bihurtu dute denek». Adostasunerako deia egin du ama batek ikastetxe atarian.

Izan ere, luze doa gatazka; azken bi ikasturteetan, 27 egunetan jo dute langileek grebara, eta hilabeteko deialdia dute orain. Azken egunetan urratsak egin dituzte negoziazioetan, orain arte ikusi gabeak: mahai berean eseri dira sindikatuak, patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, eta Lan Harremanen Kontseiluko kide bat ari da bitartekari lanean.

Akordiorik ez dago oraingoz, ordea, eta «nekatzen» hasita daude familiak, areago hilabeteko greba deialdia ikusita. «Gehiegizkoa iruditzen zait. Greba giro iraunkor honek kalte egiten dio haurren hezkuntza prozesuari». Umeen eskubideez mintzo da ama bat: «Greba eskubidea bai, baina iruditzen zait ahazten ari zaiela haurren hezkuntza eskubidea».

Negoziazioak, bide onetik

Negoziazioek fruiturik emango ote duten, horren zain daude alde guztiak. Nahiz eta greba hasi, bilerak egiten segituko dute. Gaur bertan egin dute beste bilera bat. ELA sindikatuko ordezkari Miren Zubizarretak aitortu du bileretan «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituztela, baina tentuz hitz egin du: «Oraindik ez dago ezer itxita». Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek ere adierazi du urratsak egin dituztela, eta gertu sumatzen du akordioa. Antzera mintzatu da Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: «asko» aurreratu dutela egunotan, eta «itxaropena» daukala.

Akordioa lortzeko aldarriarekin, manifestazioak egin dituzte langileek eguerdian. Ehunka lagun bildu dira mobilizazioetan, eta, sindikatuen esanetan, horrek agerian uzten du beharginen egonezina. ELAk dauka gehiengoa Kristau Eskolan, eta harekin bat eginda daude LAB, Steilas eta CCOO sindikatuak; UGT ere hala egon da orain arte, baina ez dago ados hilabeteko grebarekin.

Protestara deitu duten sindikatuen arabera, lau langiletik hiruk egin dute bat grebarekin; Kristau Eskolak %19ra jaitsi du parte hartzea. Gutxieneko zerbitzuak aurreko aldietakoen bikoitza dira, Jaurlaritzak hala erabakita: Haur eta Lehen Hezkuntzan, bi irakasle ehun ikasleko, eta Bigarren Hezkuntzan, hiru irakasle.
Ikasleak norbaiten ardurapean daude beti. «Haurrak zainduta daude une oro; moldatzen gara gutxieneko zerbitzuekin eta lanera datozen gainerako irakasleekin», azaldu du guraso batek. Ez dute ohiko eskolarik ematen, halere, eta kezkatuta daude ikastorduak galtzearekin: «Patioan edo filmak ikusten ematen dute denbora».

Akordioa lehenbailehen lortzeko eskatu dute, hortaz. Negoziatzen jarrai dezatela eta adostasuna itxi dezatela, eskari hori da nagusia: «Hitz eginez konpon daiteke». Izan ere, erdian harrapatuta ikusten dute beren burua. «Ez dakigu zenbat luzatuko den hau. Zain gaude. Kontatzen diguten apurra soilik dakigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.