OSASUNA

Sindikatuek Osakidetzari eskatu diote «sakoneko arazoei heltzeko»

Azken urteotako murrizketek «osasun publikoaren ahultze kezkagarria» ekarri dutela salatu dute SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek lehen arretako zentroetan egindako protestetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erantzun diete osasun publikoa «sendotzeko konpromisoa benetakoa eta erabatekoa» dutela.

Sindikatuen protesta, gaur, Donostiako Amara Berriko lehen arretarako zentroan. GORKA RUBIO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 18a
14:13
Entzun

Osasun langileek protestak abiatu dituzte gaur Osakidetzako lehen arretako zentroetan, koronabirusaren pandemiak larriagotu eta azaleratu duen egoera salatzeko: «Bizi dugun krisi sanitarioak ederki asko erakusten digu azken urteetako murrizketek osasun publikoaren ahultze kezkagarria ekarri dutela». Lehen arretako zentroetan pandemiaren hasieran eta udan izandako arazoak izan dituzte gogoan, eta ohartarazi dute «sistemaren gabeziak ageri-agerian» utzi dituela horrek, «bai giza baliabideen aldetik, bai bitarteko materialen aldetik».

Salatu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dutela elkarrizketarako borondaterik izan, eta «negargarria» dela negoziazio kolektiboan garatu duten politika. Ohartarazi dutenez, Osasun Sailarentzat «pertsona ez da erdigunea; ez pazientea, ez profesionala». Izan ere, murrizketen ondorioz giza baliabideak eta bitartekoak gutxitu egin dira sindikatuen arabera, batik bat lehen arretan: «Horrek ekarri du lanean dihardutenen lan karga handitzea, arretaren kalitatea okertzea eta itxaron zerrendak luzatzea».

Sei eskaera zehatz egin dizkiete Osasun Sailari eta Osakidetzari: osasun publikoaren aurrekontua Europako Batasuneko batezbestekora parekatzea, eta aurrekontu horren %25 lehen arretara bideratzea; langile kopurua handitzea; behin-behineko langileak egonkortzea; «murrizketa bidez galdutakoa» berreskuratzea; «esku pribatuetan jarritako zerbitzuak» berreskuratzea —enplegua mantenduta—; eta langileen «segurtasuna eta osasuna bermatzeko» neurriak hartzea.

Osakidetza: «Ez da unerik egokiena»

Protesta egin eta berehala erantzun diete Osakidetzak eta Osasun Sailak langileek egindako eskaerei. Adierazi dute langileek protestarako duten eskubidea «errespetatzen» dutela, baina ez dutela uste «unerik egokiena» denik. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arreta eta osasun publikoa «sendotzeko duen konpromisoa benetakoa eta erabatekoa» da: «Lehen ere bazen, orain ere bada, eta hala jaso du Eusko Jaurlaritzak gobernu programan bere gain hartutako konpromisoetan». Jakinarazi dute datozen lau urteotan 4.000 lanpostu sortzea espero dutela.

Halaber, nabarmendu dute «beti» egon direla elkarrizketarako prest, eta «ahalik eta lasterren eragile sindikal guztiekin batzeko borondatea» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.