Grebara deituta daude gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileak. Sindikatu guztiek egin dute deia elkarrekin —ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT—, eta haiek bidalitako oharraren arabera, deitutakoen %70ek parte hartu dute. Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta hezkuntzako langileek ez ezik, parte hartu dute ikasle eta guraso talde batzuek ere. Eusko Jaurlaritzak parte hartzeari buruzko datu apalagoa eman du: %41,9koa, eskolen %89ren datuak jasota.
Irati Tobar LABeko ordezkariak grebaren balorazio ona egin du: «jarraipen oso zabala» izan du, haren esanetan. Tobarrek nabarmendu du aldarrikapen «oso zehatzak» dituztela: ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea, besteak beste.
Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gaurko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko agindua, eta aurrekoetan baino handiagoak dira. Grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon beharko dute: zuzendaritzako kide batek; mendekoen kidegoko langile batek goizean, eta beste batek arratsaldean; eta COVID-19aren koordinatzaileak.
Gainera, «babesa eta segurtasuna bermatzeko», etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko du ikastetxera, eta, haur eskoletan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, etapa bakoitzean matrikulatutako ehun ikasleko bi irakasle gehiago jarriko dituzte etapako. 200 ikasletik gora direnean, beste bi, eta horrela jokatuko dute ehun ikasle gehiago dauden bakoitzean. Hezkuntza bereziko eskoletan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, gutxieneko zerbitzuak %75ekoak dira.
Ikastetxeetan eskaintzen diren beste zerbitzuei dagokienez, garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekoa» izango da, Jaurlaritzak argitaratu duen arauaren arabera. Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da. Horretarako, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dituzte: sukaldeko langileen %10; begirale bat 2 urteko bederatzi jankideko; begirale bat 3 urteko hamabost jankideko; begiraleen %10 4 eta 5 urteko umeentzat; eta behar bereziak dituztenentzat, «elikadura beharrak asetzeko» behar den gutxieneko begirale kopurua.
Sindikatuak kexu agertu dira gutxieneko zerbitzuak areagotzearekin: «greba eskubidearen urraketa larri bat» dela uste dute, eta ohar batean azpimarratu dute aztertzen ari direla gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramatea.
«Gobernuak bat egiten du hezkuntza komunitatearen ezinegonarekin»
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu du grebak «erantzun zabala» izan duela, eta ulerbera azaldu da hezkuntza komunitatearen «kezkarekin eta ezinegonarekin». Nabarmendu du hezkuntza komunitate osoak lehentasun gisa hartzen duela aurrez aurreko hezkuntzarekin, eta Jaurlaritzak ere horixe duela helburu. Hortaz, ohartarazi du «komunitate zentzua» izan beharko dela, eta elkarrekin lan egin beharko dutela familiek, irakasleek eta administrazioak.