SIPE sindikatuak bi emakume ertzainen aurkako jazarpen sexistak salatu ditu, baina Eusko Jaurlaritzak ukatu egin ditu

SIPE sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «azkar eta modu eredugarrian» ekiteko auzia argitze aldera, baina hark «ezin» izan ditu baieztatu jazarpen kasuak.

Bi ertzain, Irunen. JUAN HERRERO / EFE
Bi ertzain, Irunen. JUAN HERRERO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 6a
20:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzako SIPE sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailean salatu duenez, bi emakume ertzainek jazarpen sexuala eta sexista «larriak» jasan dituzte lanean. Emakumeetako bat praktiketan dagoela zehaztu du sindikatuak, eta bestea jarduneko ertzaina dela. Segurtasun Sailean, Emakunden eta Polizia eta Emergentzien Euskal Akademian jarri ditu salaketak sindikatuak, eta ardurak eskatu ditu, uste baitu «indarkeria instituzionala» egon dela.

SIPEren arabera, testigantzak, grabazioak eta froga objektiboak daude, eta horietan ikusten omen da «polizia hierarkia baliatuta, hura gutxiesteko joera jarraitu bat» egon dela, eta erakundeek «estali» egin dutela. SIPEren esanetan, praktikaldian dagoen ertzainak zehaztu du «bakartzeko eta presio psikologikoa egiteko estrategia bat» erabili dutela bere kontra, «ez-gai deklaratzeko eta erakundetik bidaltzeko». Jardunean dagoen trafikoko ertzainak, berriz, «iruzkin matxistak, presioak eta buru osasunaren galera» salatu ditu, eta horrek eragin dio ezin lanean segitu ahal izatea, SIPEren arabera.

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ekiteko «azkar eta modu eredugarrian». Jazarpenaren kontrako protokoloak berrikusteko ere eskatu du, egungoak eraginkorrak ez direla salatuta. Sindikatu, jurista eta giza eskubideen defendatzailez osatutako ikerketa batzorde independente bat ere exijitu du, uste baitute auzi hori ezingo dela «barne mailan» argitu.

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, ezin izan du ondorioztatu praktiketan dagoen emakumeak lan jazarpena jasan duela. Jardunean dagoen emakumearen kasuan ere, Ertzaintzako Jazarpen Bitartekaritza Batzordeari «ezinezkoa» egin zaio jazarpena sufritu duela baieztatzea.

Eusko Jaurlaritzaren erranetan, praktiketan dagoen agenteak eman salaketaren ondotik, Segurtasun Sailak espediente bat ireki zuen martxoaren 17an. Azaldu duenez, espedientea ireki hurrengo egunean, hots, martxoaren 18an, Bitartekaritza Batzordea «ustezko biktimarekin» ez ezik, «ustezko jazartzailearekin» ere bildu zen. Segurtatu du prozedura «ahalik eta bermatzaileena eta objektiboena» izan dela eta orotara hamar pertsona elkarrizketatu dituztela.

Jardunean dagoen agenteak ere barne salaketa bat eman zuen jazarpen sexualagatik. Eusko Jaurlaritzak zehaztu du bitartekaritza bilkurak egin zituela kasu horretan ere, baina, salaketa eman zuen agenteak bilkura bati uko egin zionez, bitartekaritza «eragoztea» leporatzen diote. Martxoaren 18an Bitartekaritza Batzordeak eman zuen erabakiaren arabera, ezin izan du zehaztu lan jazarpenik izan den, elkarrizketaturiko bi aldeetako informazioak «kontraesanezkoak» baitira.

Azken finean, Eusko Jaurlaritzak ondorioztatu du bi agenteen salaketetan lankideen arteko «harreman arazoak» izan direla oinarrian, eta, neurri gisa, Ertzaintzaren zuzendaritzari «antzemandako arazoen» berri ematea erabaki du, baita «hizkuntza inklusiboaren eta ez-sexistaren erabilerari buruzko jardunaldiak» proposatzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.