«Argi dugu egoera honen gelditzea ez dela etorriko arazoa sortu dutenen eskutik eta beren mundu ikuskera partekatzen dutenengandik. Beraz, hemen bizi garenok, zein munduko beste hainbat txokoetako emakumeek eta sexu-genero disidenteek, ez dugu sistema honekiko haustura helburu ez duen beste trantsiziorik onartuko». Irmo mintzatu da gaur Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa. Azaldu dutenez, gorputzak lehenbiziko lerroan jarri gabe «nekez» lortuko dira «bizitza duin eta bizigarriak». Are, haien irudiko, konponbidea «lurraren, herrien eta izakien arteko harreman orekatuetatik» etorriko da; eta, hortaz, erdigunean jarri behar dira «sistemak baztertuta eta zapalduta» dauzkanak.
Nazioarteko VI. ekintzaren barruan, Euskal Herrian zehar ibilbide bat egin dute gaur feministek: Bardean (Nafarroa) hasi, eta Araba, Bizkaia eta Lapurdi zeharkatu dituzte. Donostian akitu dute ibilbidea, Easo Plazatik abiatu den mobilizazio batekin. Aste barruan, berriz, ekintza ttipiagoak egin dituzte Euskal Herrian barrena. Gaurko eta gainerako ekintza guztietan zapalkuntzaren hiru ardatz izan dituzte gidari: lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista. Are, «herri subiranoak eta bizitza duinak» aldarrikatu dituzte, «gerren eta kapitalismoaren aurka» borrokatzen jarraituko dutela nabarmenduta.
Izan ere, duela bortz urte eskuin muturraren gorakadaren aurka mobilizatu ziren, baita kapitalismo autoritarioaren eta xenofobiaren kontra ere, baina egoera ez da askorik aldatu, erran dutenez. Hortaz, «sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonialista eta haren biziraupenerako erreproduzitzen diren indarkeria egitura guztiak salatzeko» ariketa egin dute gaur.
Hirugarren hilketa matxista
Are, salaketa batekin hasi dute manifestazio amaierako irakurketa, «amorruz» beterik: joan den apirilaren 25ean, gizon batek bere bikotekide ohia hil zuen, Haron (Errioxa, Espainia); bada, aste honetan baieztatu dute emaztekia Gasteizkoa zela. Erantzukizuna eskatu dute: «Ez gara nekatuko erakunde publikoei exijitzeaz indarkeria matxistari aurre egiteko borondate politikoa, tresnak, neurriak eta baliabideak behar ditugula». Gizonei ere mintzatu zaizkie, haien arteko konplizitateek hil egiten dutela erranez: «Zuen pribilegioek zapaltzen gaituzte, eta zuengandik eta zuentzat sorturiko egiturek zapaltzen gaituzte».
«Ez gara nekatuko erakunde publikoei exijitzeaz indarkeria matxistari aurre egiteko borondate politikoa, tresnak, neurriak eta baliabideak behar ditugula»
EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA
Ildo horretatik, zapalkuntzarako bertze sistema batzuekin batera, indarkeria matxista estrukturala «tresna» gisa erabiltzen dela salatu dute, «emakumeen eta gorputz disidenteen bizitzak, gorputzak eta sexualitateak» kontrolatzeko. Emakumeen Mundu Martxan urteak daramatzate horren kontrako borroka elikatzen, eta horretan jarraitzen dute; nolako justizia feminista nahi duten hausnartzen, erraterako. «Egungo justizia sistemaren arrakalak aztertu, eta alternatiba feminista eraikitzeko lanean ari gara. Eta horren adibide da Euskal Herriko askotariko herrietan egiten ari diren eztabaida eta hausnarketa saioak». Indarkeriak hamaika aurpegi dituela jakitun, horiek seinalatzeko egin dute gaurko ibilbidea.
Ibilbidea
Nafarroan hasi dute bidea, Bardean; gerrak eta militarizazioa zituztela hizpide. Gerrak eta armadak «heteropatriarkalak, inperialistak, kolonialistak, kapitalistak eta arrazistak» direla salatu dute, eta horri aurre egiteko «jarrera eta perspektiba feminista antimilitarista» behar dela. «Horregatik da beharrezkoa perspektiba eta jarrera feminista antimilitarista batetik jokatzea», erran dute. Azpimarratu dute, baina, antimilitarismoa ez dela bakezaletasunera mugatzen: «Eraldaketa politiko eta sozial sakona eskatzen duen irakurketa da, gerren eta indarkeriaren egiturazko arrazoiak salatzen dituena: botere ekonomiko eta geopolitikoak, baliabideen kontrola, kolonialismo berria…».
Bide horretatik, autokritikaren alde egin dute, Euskal Herria ere bertze lurralde batzuetan dituzten gerra egoeraren erantzule badela erranez.
Salatu dute, halaber, botere korporatiboek eta multinazionalek ez dutela soilik gorputzen eta bizitzen kontra egiten, lurrari ere erasotzen diotela: «Multinazionalek bultzatutako makroproiektu espekulatiboak ezartzen dituzte, natura jabetza bihurtuz eta pribatizatuz». Hain zuzen, hori salatu dute Aramaioko (Araba) eta Gernikako (Bizkaia) ekintzetan, «agroekologia eta jabetza publiko eta komunitarioa oinarri duen sistema transfeminista» aldarrikatzeko.
«Multinazionalek bultzatutako makroproiektu espekulatiboak ezartzen dituzte, natura jabetza bihurtuz eta pribatizatuz»
EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA
Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko zubian, berriz, migrazio politikak salatu dituzte. «Migratzaileok, batez ere emakumeok, gizartetik kanporatuak eta zokoratuak gaude oraindik ere, nahiz eta gehienok funtsezko lanak egiten ditugun», erran dute Donostiako agerraldiaren akaberan. Are, nabarmendu dute gizarteak funtzionatzen jarraitzen duela emakume migratzaile eta arrazializatuen «esplotazio kapitalistaren, kolonialaren eta arrazistaren» bizkar; eta atzerritartasun legea seinalatu.
Horregatik guztiagatik, ekonomia feminista bat aldarrikatu dute, lurra eta bizitza erdigunean jarriko dituena: «Hego globalaren espoliazioarekin eta zaintza kate globaletara garamatzan sistema kolonialarekin hautsi behar dugu», borobildu dute. Halaber, ekainaren 13tik eta 15era bitarte Marseillan (Frantzia) eginen den ekintzan parte hartzeko dei egin dute: Europako Nazioarteko VI. ekintza eginen da han, eta Euskal Herritik ere joanen dira hara, autobusez; datozen egunenetan emanen dute xehetasun gehiagoren berri.