Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe Soto del Real (Espainia) kartzelara bidali ditu gaur Aurken Sola, Xabier Rey, Araitz Amatria eta Sergio Boada, ETArekin zerikusia dutelakoan. Sola eta Rey ETAko kidetzat jo ditu, eta beste biak laguntzaile bezala. Haietatik hiruk atxiloaldian tratu txarrak jaso dituztela esan dute.
Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotu zituen laurak Espainiako Poliziak asteartean, eta gaur eraman dituzte Pedrazen aurrera aurrera -hau asteburuko txanda ari da egiten-. 9:30ean iritsi dira auzitegira, eta 10:00etan heldu da epailea, haiei deklarazioa hartzeko asmoz. 11:00etatik aurrera hartu ditu.
Atzeman zituztenetik inkomunikatuta egon dira. Espetxera bidaltzean altxatu die neurria epaileak.
Sola -29 urte- eta Rey -27- Iruñean atxilotu zituzten, Boada -27- Añorben (Nafarroa) eta Amatria -26- Herrialde Katalanetan -Valentzian-. Poliziak esan zuen bi pistola, munizioa eta ehun bat kilo lehergai atzeman zituztela, baita tenporizagailuak, pentrita, detonagailuentzako kordoia, aluminio hautsa, amoniko nitratoa eta "lapa sistemak sortzeko materiala" ere.
Senideak kezkatuta agertu dira, atxilotuek polizien eskuetan jaso dezaketen tratuagatik. Nafarroan azken hilabeteetan atxilotu dituztenek torturak salatu dituztela-eta, euren hurkoak egoera berean egon daitezkeen beldur dira. Hala, habeas corpus eskubidea ezartzeko eskatu eta epailearen aurrera deklaratzera berehala eraman zitzatela galdegin dute aste honetan. Auzitegi Nazionalak, ordea, ukatu egin die eskea. Inkomunikazio aldia luzatzea erabaki zuen, gainera.
Inkomunikatua dituztenak torturatu ditzaten saihesteko zenbait epailek ezarri izan duten protokoloa ezartzeko ere eskatu zuten abokatuek: konfiantzazko medikuek atxilotuak ikusi ahal izatea, atxiloaldia bideoz grabatzea eta senideei atxilotuak non eta nola dauden esan diezaietela. Grande Marlaska epaileak, ordea, ez duela protokoloa ezarriko jakinarazi du.
Atxiloketak
Sola, Rey, Amatria eta Boada kartzelara bidali ditu epaileak
Santiago Pedrazek hartu ditu laurak, gaur goizean, eta baldintzarik gabe espetxeratu ditu. Sola eta Rey ETAko kidetzat jo ditu epaileak, eta beste biak laguntzaile gisa. Asteartean atxilotu zituen Espainiako Poliziak, ETArekin harremana dutela egotzita, eta inkomunikatuta egon dira ordutik. Hiruk tratu txarrak jaso dituztela esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu