Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko eskoletako beharginek erreklamazioa aurkeztuko dute, pagatu gabe utzi dieten soldata zatiaren eske. Hala iragarri du ELAk. Eusko Jaurlaritzak laguntza murriztu ondotik gutxitu zien lansaria patronalak. Hala, Jaurlaritzari eskatuko diote erantzule subsidiario izateko.
Justiziak arrazoi emanda hasiko dira jaso gabe geratutako soldataren eske. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpoko jo du itunpeko eskoletako langileen soldatak jaistea, Jaurlaritzak ikastetxeei diru gutxiago eman dielako. Epaiaren arabera, langileei ez die eragin behar eskolek laguntza gutxiago jaso izanak, eta, lan ituna betez, eskolek osorik pagatu behar dituzte lansariak.
Kristau Eskolak ez du epaia onartu, eta ohartarazi du ixteko arriskuan egon daitezkeela hainbat ikastetxe, gastuei aurre egin ezinda. Bederatzi milioi euroan zenbatu dute ordaindu beharrekoa. Soldatak pagatzeko agintzen duen epaia Espainiako Auzitegi Gorenera eramateko asmoa dute. ELAk ez du begi onez ikusten iragarpen hori: «Patronalak esan zuen epaia langileen aldekoa bazen itzuli egingo zutela dirua», azaldu du sindikatuko ordezkari Lurdes Urangak. 12.000 behargin ingururi eragiten die murrizteak.
Ixteko arriskuan daudela, hori frogatu egin beharko dutela esan du ELAko eledun Xabier Irastorzak. Gainera, salatu du sindikatuen lana auzitan jartzen ari direla Kristau Eskolak: «Kaleratzeak eta eskolak ixtea sustatzea egozten digute. Zentzugabea da hori». Hori guztia estrategia hutsa dela uste du Irastorzak: «Lortu nahi dute murrizketen zama euren bizkar ez erortzea». Hartara, behin auzitegiek arrazoi emanda, banaka-banaka hasiko dira kobratu gabe duten zatia eskatzen, patronalak ez baditu aurrez ordaintzen.
Eusko Jaurlaritzaren murrizketak daudenez auziaren jatorrian, kontuak hari ere eskatu nahi dizkiote, erantzule subsidiario eginda. Dirutan, gutxi gorabehera, 500 eta 2.000 euro artean zor dizkiote langile bakoitzari. Irastorzak gogoratu du Espainiako Gobernuak ez zuela Jaurlaritza behartu itunpeko eskolen laguntza murriztera. «Erabaki aldebakarrekoa hartu zuen, eta gatazka honetan badu erantzukizunik». Eskari horiek aintzat ez hartzekotan, protesta egiteko aukera aztertzen ari dira.
Soldata osoa erreklamatuko dute itunpeko irakasleek
Jaurlaritzaren laguntzak gutxitu zirela eta, zati bat ez zieten ordaindu; Jaurlaritza jo nahi dute erantzule subsidiario
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu