2023ko ekainean, Sorionekuak egitasmoak jendetza elkartu zuen Iruñean, euskararen alde. Manifestazioa jai giroan egin bazuten ere, mezu «argia eta zorrotza» helarazi zieten euskara «toponimia hutsa» edo «museoko pieza» dela uste dutenei: Euskara, miretsi bainoago, erabili egin behar dela eta horretarako aukerak eta baliabideak behar direla aldarrikatu zuten 10.000 lagun inguruk egun hartan. Ordutik bi urtera, Iruñeko kaleak hartuko dituzte berriro larunbat honetan. Antolaketa lanetan buru-belarri dabil Ibai Sueskun (Iruñea, 1985).
Nola planteatu duzue bigarren mobilizazio hau?
Duela hilabete batzuk hasi ginen lanean, dinamika osoa martxan jartzen. Berez, orain dela bi urteko mobilizazioaren segida eta garapena da. Hura bukatu eta berehala ikusi genuen arrakasta handia izan zuela, ez soilik bildutako jendetzarengatik, baizik eta markatutako norabidearengatik. Konturatu ginen Sorionekuak euritakoaren pean aldarrikapen asko kabitzen direla: izan ofizialtasunaren aldeko aldarria, izan euskararekiko atxikimendua, izan euskararen aldeko jarrera soila...
Filosofia horri eutsi diozue aurten ere?
Hori da, baina oraingo honetan, are gehiago zabaldu nahi izan dugu sarea: 2023ko martxan, euskalgintzaren esparruko eragileak batu genituen; orain, aldiz, Nafarroako gizarte zibilaren ordezkaritza zabal bat batu nahi izan dugu. Pluraltasun hori erakutsi genuen aurkezpenaren egunean bertan, han elkartu baikenituen zinemagileak, kirolariak, fisikariak, aktoreak, irakasleak, kazetariak...
«Ez dugu ohiko manifestazio bat egin nahi. Ekitaldi alaia antolatu dugu, zera aldarrikatzeko: euskara Nafarroako hizkuntza dela, gu guztiona»
Zubiak dira aurtengo mobilizazioaren ikur nagusiak. Zer islatu nahi duzue?
Zubiak eraikitzea, ateak irekitzea, haizea alde jartzea... Mobilizazioa prestatzeko prozesuan atera diren ideiak eta kontzeptuak dira. Metafora horiek erabili ditugu, funtsean, sorionekuon helburuak azaltzeko: euskararen aldekotasunak piztea, kontrako jarrerak apaltzea, beharrezkoa den ofizialtasuna aldarrikatzea eta horren alde urratsak egitea, besteak beste.
Nolakoa izanen da larunbateko mobilizazioa?
Bi zati nagusi izanen ditu: eguerdi aldera, Nafarroako hainbat herritako zubietan elkartuko gara eta argazki bana eginen dugu bertan. Herri bakoitzak bere egitarau propioa ondu du: batzuek kalejira eginen dute, beste batzuek erraldoien desfilea, hamaiketakoa, bertsoak... Arratsaldean, berriz, Iruñean bilduko gara denok, mobilizazio nagusia egiteko. Kosterapea pasealekutik abiatuko gara, 17:30ean.
Ez da Iruñeko manifestazioen ohiko abiapuntu bat...
Ez. Iruñeko askok ere ez dute ezagutzen! Trinitarioetako trenaren parkearen ondoan dago. Toki hori aukeratu genuen haur txikiak dituzten familiei begira; orgatxoekin joanda ere, ibilbide atsegina izan dadin. Haurrei begirako gauza gehiago ere izanen ditugu: abiatu aurretik, Porrotxek harrera eginen die parte hartzaileei, eta horren ostean, umeak joanen dira manifestazioaren lehen lerroan, sorionekuen bandera erraldoia daramatela. Takonera parkean bukatuko da ibilbidea, iaz bezala. Zuhaixkekin eginiko eskultura bat dago hor, Irulegiko eskuaren forma duena, eta bukaerako irakurketaren ostean, Ene Kantak taldeak saiotxo bat emango digu.
Manifestazioekin lotu ohi diren mezuetatik eta ikonografiatik aldendu nahi izan duzue, beraz.
Halaxe da, bai. Ez genuen ohiko manifestazio bat egin nahi, honakoa ez baita inoren kontrako ekinaldi bat. Euskara kontrakotasunarekin lotu izan da maiz, eta guk bestelako ikuskera bat eman nahi dugu. Ekitaldi alaia antolatu dugu zera aldarrikatzeko: euskara Nafarroako hizkuntza dela, gu guztiona. Euskarak batzen gaituela, eta ez dela lubaki bat, baizik eta zubi bat. Hori guztia islatuko dugu larunbatean.
«Euskarak denak behar ditu, hala euskaldunak nola euskaltzaleak, eta euskararen alde dagoen edonor estali dezake sorionekuen euritakoak»
Batzuetan, baina, beharrezkoa da kritikak ozentzea, ezta?
Bai, noski. Egoerak hala eskatzen duenean, zilegi da gogor erantzutea eta presioa egitea. Halako mobilizazioak antola ditzaketen eragile asko ditugu euskalgintzaren barruan, eta guk geuk babesten ditugu. Hortxe ditugu, esate baterako, euskararen ofizialtasunaren alde diharduten eragileak, sindikatuak edo Euskal Herrian Euskaraz taldea bera. Ezinbesteko lana egiten dute horiek guztiek, baina uste dugu Sorionekuak mugimenduaren rola beste bat izan behar dela. Euskarak denak behar ditu, hala euskaldunak nola euskaltzaleak, eta euskararen alde dagoen edonor estali dezake sorionekuen euritakoak. Garrantzitsua da inor kanpoan ez uztea, denon beharra dugulako.
Harrera ona izan al du egitasmoak herrietan?
Sekulakoa. Nafarroako eskualde guztietako 30 bat herri batu dira larunbateko mobilizaziora: Tutera, Tafalla, Larraga, Berbinzana, Gares, Lizarraldea, Viana, Zangoza, Sakana, Aribe, Bortziriak... Herritarrak pixkanaka joan dira animatzen. Whatsapp talde txiki batekin hasi ginen hau antolatzen, eta orain sekulako mugimendua da.
Mugimendu bizia nabari da Nafarroako hegoaldean euskararen alde. Haizea aldatzen ari den seinale?
Baietz uste dut. Euskararen aldeko zenbait eragile sortu dira azkenaldian eremu ez-euskaldun deritzon horretan, eta horrek ilusioa pizten du. Pixkanaka ikusten ari gara urteetan ereindako haziak hasiak direla loratzen eta fruituak ematen: gero eta gehiago dira D ereduko lerro bat eskatu duten herriak, Agerraldiak antolatutako euskarazko jolastokietan 300 haur baino gehiago daude izena emanda, euskararen egunak antolatzen dira Erriberako hainbat herritan... Euskarari putz egin behar zaio hainbat tokitatik, eta aletxo guztiak, xumeak izanagatik ere, beharrezkoak dira.