«Sormena mugatua dago»

Sormena lantzen irakasten dute Natalia Garciak eta Itziar Casillas de Leonek. Norbere buruarekiko konfiantza eta erosotasunetik ateratzeko gogoa funtsezkotzat jo dituzte.

Donostia
2014ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Sormena zoriontsuago izateko tresna dela sinesten dute Natalia Garcia (Bilbo, 1971) eta Itziar Casillas de Leon (Barakaldo, Bizkaia, 1980) Novia Salcedo Fundazioko kideek. Ikastaroak ematen dituzte ideien sorrerarako tresnen eta pentsamendu sortzailearen entrenamenduaren inguruan; besteak beste, EHUko Udako Ikastaroetan izan ziren joan den astean. Sortzeko gaitasuna pertsona guztiek dutela azaldu zuen Casillasek, hau da, ez dagoela gutxi batzuen esku: «Denok gara edo izan gaitezke sortzaile».

Sormena pertsona adimentsuek bakarrik dutelako ustea hedatuta dago, baina Casillasek uste du ikasketa mailak ez duela eraginik: «Lizentziaduna edo doktorea izateak ez zaitu sortzaileagoa egingo». Hala ere, haurrak izaten dira sortzaileenak, eta, urteak pasatu ahala, sormen gaitasun hori galduz joaten dira askotan. Hori dela eta, Natalia Garciak pentsatzen du sormena «mugatua» dagoela; gizarteak mugatzen duela: gero eta helduagoak, orduan eta muga gehiago. Sormena ez mugatzeko, ez oztopatzeko beharra ikusten du. Konfiantzaren garrantzia azpimarratu du Casillasek: «Norbere buruaz fidatu behar da, sinetsi egin behar du aldaketak egiteko gaitasuna duela».

Gizarteak jarritako muga horiei aurre egiteko asmoz, ikastaroak ematen dituzte. Horietan parte hartzen dutenek ezaugarri desberdinak izaten dituzte; tartean dira, adibidez, enpresetan lanean dabiltzan gazteak. Halere, edozein dela ikasleen soslaia, gehienen erreakzioak antzekoak izaten direla onartu du Garciak: «Zerbait ohiko egoeretatik ateratzen bada, edo besteen aurrean barregarri gelditzeko beldurra ikusten badute, ez dute parte hartu nahi izaten».

Jendaurrean aurkeztean ere jendea oso urduri jartzen dela azaldu du. Horregatik hasten dituzte ikastaroak mugimenduaren bitartez, jendea lasai dadin lortzeko. Casillas: «Pertsona bat tentsioan badago, ez dira ideiak sortzen». Tentsioaz gain, ordea, lotsa ere badagoela nabarmendu du Garciak: «Askotan lotsatzen da jendea, baina beldur kontua da: besteen aurrean barregarri gelditzeko beldurra izaten dute». Gaineratu du ondorio handia duela beldur horrek: «Askotan, besteen aurrean barregarri ez gelditzeagatik, jendea ez da ausartzen gauza berriak egitera».

Baina beldur hori gainditzeko asmoz, bi jolas sinple planteatu ohi dituzte ikastaroetan: batetik, marrazki baten bidez adieraztea sormena zer den, eta, bestetik, egunerokoan «normaltzat» daukaten objektu bati beste erabilera bat ematea. Eta hor ere beldurra agertzen da, maiz: «Nik ez dakit marrazten!», adierazi izan dute ikasle askok, irakasleek marraztea proposatu dietenean. Garbi dute, bai Casillasek, bai Garciak, hori ez dela horrela, eta defendatzen dute guztiek dakitela marrazten. «Ez dago inor marrazten ez dakienik; non dago ongi edo gaizki marraztearen muga?», galdetu du Casillasek. Onaren eta txarraren arteko muga oso subjektiboa dela azaldu du: agian, norbaitentzat zerbait ederra izango dela, baina, aldi berean, ondokoari ez zaiola batere gustatuko.

Antzeko erreakzioak izaten dira, ikasleek egunero erabiltzen duten objektu bati bestelako erabilera bat eman behar izanez gero. Adibidez: pilota bat ematen diete, eta bakoitzak erabilera berri bat eman behar dio; pentsatu ostean, talde osoaren aurrean hitz egin behar dute, eta, hor ere, tentsioak eta beldurrak agertzen direla antzematen dute irakasleek. «Jendeak beldurra dio besteen aurrean hitz egiteari».

Novia Salcedo Fundazioko bi kideak bat datoz: mugak bakoitzak bere buruari jartzen dizkio. Baina Casillasek argi du sormenak, kontzeptu gisa, ez duela mugarik: «Guztia da posible». Haien ustez, norbere ideiei forma ematen jakitean dago gakoa, baina jarrerak ere eragin handia du. Garciak pentsatzen du jarrera «irekia» izan behar dela, hau da, norberak gauza berriak ikasteko gogoa izan behar duela. Baina «modu naturalean» eman behar da pausoa, ez behartuta edo inposatuta. Gogoaren garrantzia nabarmentzeko, adibide bat jarri du: norbait bultzatzen badute sortzailea izatera, agintzen badiote sortzailea izateko, pertsona hori «blokeatu» egingo da, eta ez du ezer berririk sortuko.

Erosotasunetik atera

Sormena lantzeko beste oztopo bat ere antzeman dute irakasleek: erosotasuna. Garciaren iritziz, segituan ohitzen da pertsona oro erosotasunean bizitzera, baina bakoitzak bere buruari «aukera» eman beharko lioke gauza berriak eta originalak egiteko. «Eskema klasikoak apurtzen ausartu behar dugu. Erosotasun gunetik ateratzea da sormena».

Dena den, Casillasek aitortu du ez dela erraza sormena definitzea. Edonola ere, hainbat termino jo dituzte egokitzat: gauza berriak egitera ausartzea, zerbait baikorra sortzea, harritzea, apustu egitea... Casillasek gaineratu du gauza berriez eta desberdinez inguratzea ere badela sormena; dela kirol berri bat egiten hastea, dela musika talde ezezagun baten kantuak entzuten hastea...

Hala, bada, erosotasunaren mugak gaindituko dituzten «espazioak» eratzeko beharraz jardun da Garcia, «pentsatzera bultzatuko gaituzten espazioak» sortzeaz. «Gizartea ziklo batean sartuta dago: beti gauza berak egiten ditugu modu berean, horrela ohitu garelako», esan du Casillasek. Hala, egunerokoan ez zaio uzten lekurik sormenari. «Ziklo hori hautsi behar da», erantsi du Garciak. Haustura horrek «zoriontasuna» ekarriko duela ere uste du.

Gainera, norbere bizitzan sormena erabiltzeak edozein motatako erlazioak hobetuko dituela baieztatu dute. Gogoa eta jarrera funtsezkoak direla berretsi dute: diotenez, zerbait nekez aldatuko da norberak benetan nahi ez badu. Alde horretatik, hausnartzeko aholkua eman du Garciak: «Gelditu, eta pentsatu zertan ari zaren, eta zer aldatu nahi duzun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE