'Sortu auziak' bilduta

Aholku eske jo zuen Iñigo Iruin abokatuak Javier Perez Royo juristarengana, Sorturen estatutuak prestatzen ari zenean. Harreman emankorra etorri da gero.

P. Urzelai
Bartzelona
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elkarren berri aspaldian bazuten ere, iazko abendura arte ez zuten elkar ezagutu Iñigo Iruinek eta Javier Perez Royok. Iruin Sorturen estatutuak prestatzen ari zen, eta Javier Perez Royok El País egunkarian idatzi berri zuen Presunción de constitucionalidad (Ustezko konstituzionaltasuna) izenburuko artikulua etorri zitzaion gogora. Perez Royoren telefonoa lortu eta deitu egin zion, aholkua eskatzeko. Hitzordua egin zuten. Sevillan elkartu ziren Gabonen aurretik. Ikuspuntuak trukatu ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten.

Harreman baten abiapuntua izan zen. Harrezkeroztik, askotan hitz egin dute telefonoz, bai Sorturen auziari buruz, bai Bilduren auziari buruz. «Javierren aholkuek balio izan didate sendotasuna emateko argudio juridikoei», aitortu du Iruinek Bartzelonan. Azken hilabeteetan iritzi trukaketa intentsoa izan da. Eta Perez Royok «gertutik» eta «bizitasunez» jarraitu ditu Sorturen eta Bilduren prozesuak. «Interes handiz bizi izan dut prozesua, politika bizitzen dudalako», azaldu du Perez Royok. Aholkularitzan esku hartu izana azaltzeko, bi arrazoi eman ditu: «Konbikzioengatik» eta «indarkeriari amaiera emateko aukera bat ikusi dudalako». Bartzelonako mahai inguruak aukera eman die Iruini eta Perez Royori berriro elkartzeko. Adiskidetasun juridikoa sakontzeko. Baita kirolarekiko antzeko zaletasuna dutela egiaztatzeko ere. Iruinek txirrindularitza, eta Perez Royok iraupen luzeko lasterketa —zazpi maratoi egin ditu—. Kirolaren ahalmen terapeutikoan sinisten dute, eta burua argitzeko erabiltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.