Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko areto bereziak Sortu alderdiaren aurkako epaia eman du, atzo gauean auzitegi horretako prentsa bulegoak azaldu zuenez. Ezker abertzaleak aurkeztutako taldeei Alderdien Legea aplikatzeko orduan aurreko epai guztietan ez bezala, ordea, oraingoan ez da aho bateko erabakia izan, hiru epaile beren kide gehienen iritziaren aurka azaldu baitira eta epaiaren aurkako boto partikularra eman baitute. Aretoaren autoa hurrengo egunetan emango dute argitara.
Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakari Carlos Divar epaimahaiburu duen aretoko epaile gehienek bat egin dute Estatuko abokatuak eta Fiskaltzak aurkeztutako tesiarekin; alegia, Sortu ezker abertzaleko aurreko alderdien «segida» dela eta aurkeztutako estutuak maiatzeko bozetan parte hartu ahal izateko «amarru» direla uste dute.
Goizeko hamarretan batzartu ziren epaileak aurreko bi egunetako auzi saioan aldeek azaldutako arrazoiak eztabaidatzera. Eztabaiden berri zuzenik ez egon arren, Ser irrati kate espainiarraren arabera, bileran Carlos Lesmes epaileari egokitu zitzaion Estatu Abokatuaren eta Fiskalaren eskaeren inguruko txostena aurkezteaeta, hortaz, ilegalizazioaren tesia defenditzea. Iturri horren arabera, bi orduz luzatu zen epailea arrazoiak azaltzen.
Goizeko saioa amaituta, arratsean batzartu ziren berriro epaileak, Lesmesek emandako azalpenen gainean gainontzeko hamabost epaileek eurenak emateko.
Herenegun, ahozko saioaren bigarren egunean, azken ondorioak aurkeztu zituzten Sorturen defentsa eraman zuen Iñigo Iruin abokatuak eta Antonio Narvaez fiskalak eta Manuel Ribero Estatuko Abokatuak. Iruinek, argi utzi nahi izan zuen Sortu ez dela legez kanporatutako alderdien jarraipena, ez dela «inoren pantaila». Iruinen arabera, «ETA ez da instituzioetan egongo Sorturen bitartez». Era berean arrazoitu zuen, legezko egiteak normalizazio politikoa bideratzen lagunduko duela. Aitzitik, fiskala eta Estatuko Abokatua Sortu legez kanpo utzitako alderdien jarraipena dela arrazoitu nahian aritu ziren.
Bistan da, epaileek ez dute Iruinen azalpena hobetsi. Orain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo beharko du Sortuk, legeztatzea lortu ahal izateko. Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan egon ahal izatea zaildu egingo zaio, ordea.
«Garantia guztiak»
Auzitegi Gorenaren epaia jakin aurretik iritzi ugari eman zituzten atzo ordezkari politikoek eta agintariek. Espainiako Gobernuko Lehendakaritza ministro Ramon Jauregik, esaterako, epaia alde batekoa edo bestekoa izan, prozesu judiziala «garantiaz beterik» egon dela azaldu zuen eta Sortuk bere jarrera eta arrazoiak azaltzeko aukera izan duela.
Zeharo bestelako iritzia eman zuen EAJko GBBko lehendakari Joseba Egibarrek. Haren ustez, Gorenak «egitateak baino, iritziak eta asmoak» epaitu behar zituen Sorturi buruzko erabakia hartzerakoan. Hala, ohartarazi zuen epaileen lan tresnak legeak direla eta ezin dutela «badaezpadako ilegalizaziorik» egin Sorturekin. «Asmoak, usteak eta bestelakoak, iritzien alorrean sartu behar dira» erantsi zuen.
Egibarren irudiko legezkoa izan behar du Sortuk eta hauteskundeetan egon behar du. «Auzitegiek zenbat eta beranduago legeztatu, orduan eta barregarriago geratuko dira», esan zuen.
Ezker Batuak eta IUNk ere Sortu bozetan egotea nahi dute, legea «zorrotz» betetzen duelako. Mikel Aranak etaJose Miguel Nuinek esan zuten Sortu legeztatzeak ETA «isolatzeko» eta bakea lortzeko aukera irekiko lukeela.
Sortu. Legeztatze prozesua
Sortu legeztatzearen aurka azaldu da Auzitegi Goreneko 61eko aretoa
Aurreko kasuetan ez bezala, erabakia ez da aho batekoa izan; epaimahaiko hiru epailek boto partikularra eman duteAlderdiak Auzitegi Konstituzionalera jo beharko du Gorenaren epaiari aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu